Debagoieneko artzaintza gaitzat duen seigarren argazki lehiaketa antolatu da

2020/01/28
Card image cap
Lanak maiatzaren 5era arte bidali daitezke

  Debagoieneko Pastoriek taldeak antolatu du argazki digitalen lehiaketa hau. Eskualdeko hainbat gazta ekoizlek osatzen dute taldea eta urteak daramatzate promozio jarduerak gauzatzen. Horietako bat da Debagoieneko Artzain Eguna. Aurtengoa seigarrena izango da eta maiatzaren 16an Arrasaten ospatuko da. Egun berezi horri begira deitu da Debagoieneko artzaintzari buruzko argazki lehiaketa hau.

  Edonork parte hartu dezake baina zaletu bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiak JPG formatuan, gutxienez 1600 x 1200 pixeleko erresoluzioarekin. Koloretako nahiz zuri beltzeko irudiak onartuko dira. Lanak honako helbide elektroniko honetara bidali behar dira: debagoienekopastoriek@gmail.com Argazkiekin batera, egile eta irudiari buruzko hainbat argibide ematea eskatzen da. Argazkiari izenburua jarri behar zaio eta egilearen izen-abizenak, adina, herria eta harremanetarako telefono edo maila adierazi behar dira. Argazkia non eta noiz egin zen laburrean azaltzea ere eskatzen da. Argazkiak aurkezteaz gain, facebook.com/Debagoiena orrialdean atsegin dut egitea beharrezkoa izango da parte hartzeko.

  Jasotako lan guztiak Mankomunitateko Turismo departamentuak duen facebook orrialde horretan zintzilikatuko dira eta atsegin dut klikatuz, ikusleak izango dira gustukoen duten argazkia aukeratuko dutenak. On line galerian boto gehien jasotzen duen argazkiaren egileak saria jasoko du. Baina bigarren bat ere emango da, Arrasaten bertan, Debagoienako Artzain egunera hurbiltzen direnen botoz aukeratzen denarentzat. Sarituek Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoen bi bazkari edo afari menu eta bertako produktuez osatutako sorta bana jasoko dute. Era berean, bai facebook bidez baita Arrasaten zuzenean botoa ematen duten guztien artean ere beste bi sari zozkatuko dira.

  Zabalik dago jada Debagoieneko artzaintza gaitzat duen argazki digitalen lehiaketara lanak aurkezteko epea. Maiatzaren 5a izango da lanak bidaltzeko azken eguna.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!