Oñatiko udala

Debagoieneko Alderdi Eguna ospatuko da Oñatin, igandean

2025/06/12
Card image cap
Bisita gidatuak, ekitaldi politikoa eta bazkaria antolatu dira

  2022an ospatu zen lehen Debagoieneko Alderdi Eguna, Antzuolan. Hiru urte beranduago, eskualdeko jeltzaleen bilgune bihurtuko da Oñati, igandean, alderdiaren eta herritarren arteko harremana sendotzeko helburuarekin. Topaketa  proposamenak eta ideiak partekatzeko eta alderdiak eskualdeko bizi kalitatea hobetzeko dituen proiektuei buruz elkarrekin hausnartzeko gune bihurtuko da. Bailarako herri guztietako alderdikideak elkartzea aurreikusten da eta egun osoko egitaraua prestatu da, aisialdia eta politika uztartuz.

  Egunari hasiera emateko Murgialdai txakolindegira bisita gidatua egingo da, 10:00etan, eta Txokolateixara, 11:00etan. Eguerdian ekitaldi politikoa antolatu da, plazako lorategian eta amaitzeko, lagunarteko bazkaria egingo da Batzokian, kartelean bestelakorik dioen arren. Bazkaritarako izena Batzokian bertan eman behar da. Maria Eugenia Arrizabalaga GBBko presidentea, Aitor Urrutia legebiltzarkide eskoriatzarra eta Ane Alberdi gonbidatu dira Debagoeineko EAJ Egunera. 12:30etan egingo den ekitaldi politikoan parte hartzea aurreikusten da.

  Hiru urte joan dira Debagoieneko lehen Alderdi Eguna ospatu zenetik. Orduan, EAJk gehiengoa eta alkatetzak zituen Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan, 2019an egin ziren udal hauteskundeetan bigarren alderdi bozkatuena izan zelarik, botoen %39arekin. Egun, ez du alkatetzarik eta eskualdeko herrietan oposizioan dago, 2023ko udal hauteskundeetan botoen %34a eskuratuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!