Oñatiko udala

Debagoienean hiru bisita eskainiz abiatuko da “Ezkutuko altxorrak” egitaraua

2021/06/07
Card image cap
Unibertsitateko kaperako erretaula (Arg: Santi Mendiola)
Oñatin, XVI. mendeko erretaulak ezagutu ahal izango dira larunbatean

  Tentuz abiarazi dute, egungo osasun egoerak hala behartuta, Debagoiena eta Urola Erdi eta Garaia eskualdeek elkarrekin antolatzen duten Ezkutuko altxorrak egitasmoa, Ignaziotar lurraldea izeneko proiektu orokorraren baitan kokatzen den bisita gidatuen eskaintza turistiko-kulturala. Iaz uda sasoira murriztu behar izan zuten eta aurtengo egitaraua zehaztuta badute ere, hilabetez hilabete plazaratzea erabaki dute, oraingoz, egoera oso aldakorra baita pandemia dela eta; pasa den asteazkenera arte, esaterako, bisita gidatuetako taldeak gehienez 6 lagunekoak izan zitezkeen, eta une honetan 10ekoak. Baina ziurtasun ezaren gainetik 2021eko eskaintza abian jartzea erabaki dute eta ekainekoa kaleratu berri da. Debagoienean hiru bisita egingo dira asteburu honetan eta hurrengo bietakoak Azpeitia eta Azkoitian burutuko dira.

  Ekainaren 12an, larunbatarekin, aukera bikoitza izango da: Arrasateko ilustrazio garaia ezagutaraziko da  10:30tan euskaraz eta 12:00tan gazteleraz egingo diren bisitetan, eta eguerdian hasita baita ere, baina Oñatin, XVI. mendeko erretaulak azalduko dira. Igandean berriz, Bergara monumentala bisita egingo da, 11:00tan hasita. Hurrengo astean berriz, Loiola Iñigoren haurtzaroan eta gaztaroan eta Azkoitia, jauregi eta dorretxeen hiribildua bisitak egingo dira, eta ekaineko azken asteburuan, San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa eta Azpeitia-Loiola-Azkoitia: mudejar artearen ibilbidea.

  Ezkutuko altxorrak turismo eskaintzan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da. Hemen, Debagoienean, Mankomunitateko turismo departamentura deituta egin daiteke: 943.796364 telefono zenbakian.

  Ezkutuko altxorrak Ignaziotar lurraldean izeneko egitasmoan Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeek bat egiten dute eta bailara hauetan dauden baliabide historiko, artistiko eta kulturalak ezagutzera ematea da helburua, hartarako bisita gidatuak antolatuz; elizak, kaperak, burdinolak, baserriak, jauregiak edota errotak ezagutzeko aukera ematen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!