Debagoienan 750 tasatutako eta babes ofizialeko etxebizitza baino gehiago eraikitzea proposatu du EAJk
Oñati 2011n ereduzko kudeaketa izatetik azken zazpi urteetan etxebizitza babesturik ez eskaintzera pasa dela adierazi dute Debagoieneko jeltzaleek, Arrasaten egin duten aurkezpenean. Orokorrean, etxebizitza babestuaren sustapena ia geldirik geratu da Debagoienan azken 10 urteotan, Arrasaten izan ezik, 2015-2023 bitartean, EAJk gobernatu zuela azpimarratuta.
Debagoienak bizitegi-krisi larria bizi duela diote jeltzaleek, etxebizitza eskuratzea zailtzen duten lau faktore kritikok definituz: etxebizitza parke zahartua, eraikuntzan paralisia, etxebizitza hutsen kopuru handia eta erantzun egokirik jaso ez duen eskaera sozial gero eta handiagoa. Egoera horren aurrean, etxebizitza berriak eraikitzeko asmo handiko plana aurkeztu du EAJk, bereziki azpimarratuz hiri-berroneratzea, irisgarritasuna eta gazteenentzako eskaintza publikoa.
Egungo etxebizitza sistemak eraginkortasun eza erakusten du jeltzaleen esanetan, Oñati eta Arrasate bezalako udalerriak esleipenik gabe eta gobernu berriaren pean geldituta daudela azpimarratuz. Bi udalerri hauetan bizitegi krisia larriagoa dela dio EAJk, lurzoru urbanizagarririk ez eta etxebizitza zaharren %50 baino gehiago dauden eremuetan eraikinak birgaitzeko neurririk ez dagoela argudiatuta.
Oñatin, Lazarragako lursailak 252 etxebizitza garatzeko erabiltzea proposatzen dute jeltzaleek, horietatik 164 babes ofizialekoak izanik. Era berean, Kurtzekuan eta Kurtiderixian beste eraikin batzuk jasotzea proposatzen dute, guztira 354 etxebizitza berri eginez, bereziki, etxebizitza tasatuak. Oñatirako bezala, eskualdeko gainontzeko herrietarako beste hainbat etxebizitza berri eraikitzea proposatuz. Guztira, 750en bat etxebizitza tasatu eta babes ofizialeko jasotzeko aukera ikusten dute. Debagoieneko jeltzaleek EH Bilduren mendeko udal gobernuen ikuspegi eta ekintza falta kritikatu dute, eta gazteak kaltetu handienak direla gaineratu dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!