Oñatiko udala

Debagoienako Mankomunitateak 120.000 euro jasoko ditu trantsizio energetikoa sustatzeko

2026/07/14
Card image cap
Foru Aldundiak eskualdetako ekintzak bultzatzen jarraituko du dirulaguntza hauekin

  Energia berriztagarrien eta eraginkortasunaren alde nahiz energia-pobreziaren aurka eskualde mailako plangintzak garatzeko laguntza eman ohi die Foru Aldundiak lurraldeko eskualde garapeneko agentziei. Horretarako lankidetza hitzarmenak sinatzen ditu eta hala egin zuten atzo Jose Ignacio Asensio jasangarritasuneko diputatuak eta Dorleta Elkorobarrutia Mankomunitateko buruak. Eta Debagoienak bezala Gipuzkoan dauden beste 9 garapen agentzietako ordezkariek ere. Aurten sinatutako hitzarmenaren berritasuna iraunaldia da, bi urtetarako baita. Horrela, egonkortasun handiagoa eman nahi zaie agentziei energia arloko proiektu estrategikoak planifikatu eta garatu ahal izateko. Agentzia bakoitzak 120.000 euroko ekarpena jasoko du, urtean 60.000 eurokoa. Modu horretan, Diputazioko Jasangarritasun departamentuak 1,2 milioi euroko inbertsioa egingo du.

  Sinatu diren hitzarmen horien helburua da jasangarritasun energetikoaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren estrategia indartzea, eskualdeko plangintza- eta ekintza-sare baten bidez, udalerriek laguntza teknikoa, tresna espezializatuak eta laguntza izan dezaten energia berriztagarrien ezarpenean, aurrezpenean eta efizientzia energetikoan aurrera egiteko, bai eta pobrezia energetikoa prebenitzeko eta zuzentzeko ere.

  Gipuzkoako hamar agentziek hainbat lan-ildo komun partekatuko dituzte, eskualde bakoitzean energia-erreferente gisa duten zeregina sendotzeko. Horien artean nabarmentzekoak dira: udalekin elkarrizketa teknikoa izatea, eskualdeko energia-plangintza bultzatzea, Energiaren Eskualdeko Mahaiak dinamizatzea eta Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Gipuzkoako Lurralde Mahaian integratzea. Jarduera komun horiekin batera, eskualde bakoitzak bere errealitatera egokitutako proiektu espezifikoak garatuko ditu. Debagoienak, esaterako, bere energia-bulegoa indartuko du, enpresa-deskarbonizazioa bultzatuko du eta mugikortasun jasangarriko jarduketak sustatuko ditu, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!