Oñatiko udala

Debagoiena Gipuzkoako erreferente bihurtu dela esan dute EAJko alkategaiek, Mankomunitatearen jarduna aztertu ondoren

2019/05/23
Card image cap
Deskarga irekita, Kanpazarreko autobideari bultzada ematea izango da legealdi berriko erronketako bat

  EAJren kudeaketa sendoaren eta akordioetara iristeko gaitasunari esker, Debagoiena solidarioagoa da orain, zerbitzu onak ditu eta hondakinen bereizketan liderra dela esan zuten eskualdeko hautetsi jeltzaleek Arrasaten, mankomunitatearen lana aztertu ondoren egin zuten agerraldi publikoan. Legealdi honetan Deskarga irekita, Kanpazarreko autobideari bultzada emateko lidergotza hartzeko konpromisoa dute alkategai jeltzaleek.

  Ordezkari jeltzaleek legealdi honetan egindako lana azpimarratu zuten eta hainbat egitasmo nabarmendu zituzten prentsa agerraldian: Debagoiena, Gizarte Zerbitzuen mapa osatzen lehen eskualdea izan da Gipuzkoan eta liderra da hondakinen bereizketa tasan. Hori gogoan izanda, Debagoiena,, Gipuzkoako eskualde erreferentea da gaur egun alor ekonomikoan, sozialean eta zerbitzuen mailan, jeltzaleen esanetan. Gainera, amaitzear dagoen agintaldi honetan, beste esparru batzuetan ere lana amankomunean egiten saiatu direla azpimarratu zuten, turismoaren arloan esaterako, Puntaik-punta egitasmoarekin, edota kirolen arloan Debagoieneko Kirol Sariak berreskuratuz.

  Alkategai jeltzaleek azpimarratu zutenez, Debagoienako bereizketa tasa ia % 78koa izan zen iaz, Gipuzkoako altuena. Emaitzak gainera, mankomunitateko udalerri guztietan hobetu zirela zehaztu zuten. Aurrera begira, hiru lan-lerro finkatu ditu Debagoieneko EAJk legealdi berrian garatzeko: edukiontzien irisgarritasuna hobetu, merkatari eta ostalariekin lankidetza estutu eta sentsibilizazioarekin jarraitu, hobeto bereizteko. Energia aurrezteko ere inbertsio garrantzitsuak egin direla gogoratu zuten hautetsi jeltzaleek eta urte amaierarako 4.178 LED argi puntu ordezkatuko direla aipatu zuten, 330.000 euroko aurrezpena ekarriz eta CO2 gutxiago isuriz, urtean.

  Azkenik, eta Deskargako bidea ireki ondoren, etorkizuneko apustua Kanpazar hobetzea dela azpimarratu zuten. Zentzu horretan, Kanpanzarreko errepide zatiari, bultzada emateko konpromisoa hartu dute hautagai jeltzaleek, atzo prentsa aurrean esan zutenez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!