Oñatiko udala

Debagoiena eta Euskal Herriko joera nagusiaren kontra langabeziak apur bat behera egin zuen pasa den hilean Oñatin.

2012/10/05
Emakumeen kontratazioak eragin zuen langabetu kopuruaren murrizketa hori gurean.

  Iraila, % 8,56ko langabeziarekin amaitu genuen Oñatin. Otsaileko maila berean. Horrek, azken bi hilabeteetan aipatu dugun goranzko joera apurtu du. Baina fenomeno puntuala izan ote den ala jarraipenik izango duen ikusteko dago. Aipagarria da hori bai, iaz ere antzerako zerbait gertatu zela, alegia, abuztuan langabeziak gora egin eta gero irailean jaitsi egin zela. Baina orokorrean iaz, urria amaierara arte langabeziak maila handiagoan edo apalagoan behera egin zuen hilabetez hilabete. Aurten ez da halakorik gertatu. Lehen hiruhilabetekoan goranzko joera izan da, bigarrenean behera eta uztaila eta abuztuan, esan bezala, berriro gora.

  Baina gatozen estatu enplegu zerbitzutik jaso ditugun iraileko azken datu horiek aztertzera.
Oñatin 457 langabetu zeuden iraila amaieran, aurreko hilean baino 4 gutxiago. Murrizketa hori emakumeen kontratazioari dagokio. Abuztuko datuekin alderatuta, 17 emakume gutxiago baitaude langabezian. Aipagarria da gainera, erdiak pasatxo, 9 konkretuki, laneratzeko arazo handiak dituzten 45 urtez gorako emakumeak izan direla.

  Txaponaren bestaldean, gizonezkoen langabeziak gora egin du azken hilabetean, irailean, abuztuan baino 13 gizon langabetu gehiago zeudelako gurean.

  Enplegu zerbitzutik, langabezia datuak ez ezik, hilero eta herrika egiten diren kontratu datuak ere jasotzen ditugu. Alde horretatik, iraila bereziki oparoa izan dela ere azpimarratu behar da. Oñatin, 190en bat kontratu dira, bataz beste hilero egiten direnak. Irailean, 304 kontratu erregistratu ziren. Horrek esanahi du, azken hilabetean lana topatu duten lagun asko herrian bertan kontratatu direla.

  Oñatiko azken datuek argi pitin bat ekarri badute ere, inguruan bestelakoak ikusi ditugu. Debagoiena orokorrean hartuta, esaterako, langabeziak dexentez gora egin du irailean, 195 langabetu gehiago kontabilizatu dira. Elgetan, Leintz Gatzagan eta Oñatin izan ezik gainontzeko herrietan langabetu kopuruak gora egin du. Aipagarria da gainera, Arrasaten 113 langabetu gehiago kontabilizatu direla eta bergaran esaterako 55 gehiago.

  Oñatin esan bezala murrizketa apala izan da, lau langabetu gutxiago, baina behintzat jaitsiera izan da. Gipuzkoan eta Hego Euskal Herria orokorrean hartuta ere langabeziak nabarmen gora egin du azken hilabetean.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!