Datozen asteetan hasiko diren bi lan planifikatzeko bilerak egingo dira gaur

Pasa den astean aurreratu genuen ORSA enpresa izango dela plaza ondoko gunean hainbat egokitze eta berritze lan egingo dituena. Lan handiak dira, lorategian, kioskoan, jolasgunean eta azokarako sarbideetan eta pilotalekuko harmailetan esku-hartze ezberdinak gauzatuko baitira. Gunearen zoladura guztiz berrituko da, irisgarritasuna hobetuko da, elementu ezberdinak integratuko dira eta erosotasuna eta gunearen erabilera anitza sustatzeko osagarriak jarriko dira. Argindar sarea berritzeko lanak ere egingo dira. Lanek luze joko dute, 7 hilabete eta erdi. Abuztua tartean dagoela kontutan hartuta, lanen planifikazio zorrotza egitea ezinbestekoa da eta kronograma eta bestelakoak zehazten saiatuko dira gaur egingo den bileran.
Epe muga zehatza dauka baita ere Urgain ikastetxeko jolasgunea berritzeko lanen azken faseak, udako opor garaian egitea aurreikusi baitzen deialdian. 12 asteko tartea mugatu zen eta berehalakoan hastea espero da. Lur Paisajistak enpresak osatutako proiektuan oinarrituta ari dira eraberritzen Urgain herri eskolako jolasgunea. Azken lanak egitea falta da, jolas elementuak eta altzariak jartzea, nagusiki. Bide batez, udazkeneko euriteetan antzeman ziren bi ur emarietako urak batu eta bideratuko dira, jolas eremuan txertatu zen lur sailaren goiko aldean segurtasun itxitura hesia egingo da, urmaelean itxitura sendoagoak jarri eta ate berri bat egokitu da saskibaloi kantxaren aldameneko hesian. Udala, enpresa eta ikastetxeko ordezkariak elkartuko dira gaur lan hauen plangintza eta epeak zehazteko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!