Oñatiko udala

Datorren astelehenean hasiko dira Sancti Sprititus unibertstiatea birgaitzeko lehen faseko lanak

2026/01/12
Card image cap
(Arg: Susana Arrese)
Proiektua azaltzeko bilera irekia antolatu du Diputazioak gaur arratsalderako

  Gabonen bezperan jakinarazi duen Foru Aldundiak Sancti Spiritus unibertsitateko kanpoko eta klaustroko fatxadak eta teilatuaren zaharberritze lanak TEUSA Técnicas de Restauración S.A.ri esleitu zizkiola, 2.204.211 eurotan eta bederatzi hilabeteko epean egiteko. Hasiera batetan gaur ekin behar zieten lanei, enpresako arduradunek udaltzainburuari jakinarazi ziotenez, baina astebetez atzeratu dituzte eta urtarrilaren 19an hasiko direla da azken ordua. Egun horretarako Aita Mortara kalean, unibertsitate atzealdean dauden aparkalekuak hustuko dira, obretako materiala gorde eta aldamioak jartzeko. Eta bitartean, Sancti Spiritus unibertsitatearen birgaitze proiektua ezagutarazteko bilera irekia antolatu du Diputazioak gaur arratsalderako. Unibertsitatean bertan, areto nagusian izango den bileran, Foru Aldundiko ordezkariekin batera, Udaleko nahiz proiektua idatzi duen taldeko ordezkariak izango dira argibideak ematen. Deialdian zehazten denez, Azahara Dominguez, Mugikortasuna, Turismo eta Lurralde antolaketarako diputatuarekin batera egongo dira, Diputazioko arkitektura zuzendari Ainara Sagarna eta proiektua idatzi duen Tabuenca enpresako eta udaleko ordezkari bana. Herritarrei irekitako bilera hau 17:30etan hasiko da.

  Sancti Spiritus unibertsitatearen birgaitze lanen lehen fasea da datorren astean hasiko dena eta eraikinaren kanpoko eta klaustroko fatxadetan zein teilatuan eragingo du, nagusiki. Eraikinaren kanpoko eta klaustroko fatxadetako harlangaitza luzituko da; kolore argiko morterozko geruzekin emokatuko da, harria erabat estali gabe eta harlanduzko elementuak nabarmentzeko helburuarekin. Azkenik, hidrofugatzailea aplikatuko da, fatxadak babesteko. Beste lan batzuk ere egingo dira: kamera bufoaren azterketa, gargolen errebisioa, klaustroan erdi ezkutuan dagoen erretenaren errebisioa eta estalkia zaharberritzea. Kasu honetan estalkiko materiala desmuntatu eta birmuntatzea proposatzen da. Era berean, eraikinaren egurrezko bi ateak zaharberrituko dira eta udan tximistak lehertu zuen pilastroiaren eskulturari dagokionez, pieza berri bat egin eta jarriko da. Xehetasunak arratsaldeko bilera irekia ematea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!