Datorren astean hasiko dira lanean Lanbideren dirulaguntzaz kontratatuko diren bi kale garbitzaileak
Enplegua sustatzeko toki ekintzatarako 2021ko deialdian bost langabe kontratatzea aurreikusten du Udalak: kale garbiketako bi pioi, udal eraikinen garbiketarako beste bi eta administrari bat. Garbiketa zerbitzu ezberdinetan arituko diren lau langileen hautaketa prozesua oso aurreratuta dago eta kale garbitzaileei dagozkien kontratuak datorren astean bertan gauzatuko dira.
Lanbidek egin zuen lehen hautaketaren ondoren sei lagun elkarrizketatu ziren kale garbitzaile pioi lanpostuetarako. Pasa den astean egin ziren elkarrizketak eta emaitzak udal web atarian ikusgai daude. Gaur amaitzen da erreklamazioak aurkezteko epea. Datorren astean lanean hasiko diren bi kale garbitzaile hauei lanaldi osoko kontratua egingo zaie lau hilabeterako.
Atzo egin ziren bestalde eraikinen garbitzaile pioitarako elkarrizketak. 14 lagun elkarrizketatu ziren eta emaitzak astean bertan kaleratzea espero da. Kasu honetan, bi lagun kontratatuko dira %80ko lanaldi partzialean, lau hilabete eta erdirako. Abenduan hasiko dira lanean.
Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako dirulaguntza hauen baitan bosgarren langile bat ere kontratatuko du udalak, administrari bat, administrazio elektroniko proiektuan laguntzeko. Kasu honetan ez da hautaketa prozesua abiatu oraindik baina deialdia laster kaleratzea aurreikusten da. Deialdi hau ere Lanbideren bitartez zabalduko da, aurrekoen antzera.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!