Oñatiko udala

Dantzarien konpainia aterako da estrainekoz haurren danborradan

2017/05/26
Card image cap
2007an jaiotako neska-mutilek osatuko dute

  Antolatzaileak haurren danborrada berritzeko asmoarekin jarraitzen dute. Ohiko danbor eta barril jotzaile nahiz gainontzeko konpainiekin batera, dantzan irtengo den neska-mutiko talde berri bat sortu nahi dute. Horretarako 2007an jaiotakoengana jo dute. Ohikoak diren konpainietan 2008 eta 2009an jaiotakoek parte hartuko dute. Haurren gurasoei zuzenduta gutunak eta izen-emate orriak prestatu dituzte ikastetxeen bidez banatzeko. Izan ere, izen-ematea ekainaren 16a baino lehen egin beharko da, ondoren, entseguei ekiteko.

  2007tik 2009ra bitartean jaiotako neska mutikoek haurren danborradan parte hartzeko izena eman dezaten bi bide jarri dira aukeran: internetez bat eta ohiko paperezko izen-emate orria. Hau beteta kultur etxean dagoen postontzian utzi ahal izango da.

  2008 eta 2009an jaiotakoen artean zozketa ekainaren 20an egingo da zein konpainiatan irtengo diren erabakitzeko. Entseguak berriz, ekainaren 22, 27 eta 29an eta irailaren 5 eta 7an egingo dituzte. Dantzari gisa irteteko izena ematen dutenen artean ez da zozketarik egingo eta entseguak uztaila eta irailean izango dituzte. Denek batera, berriz, bi entsegu orokor egingo dituzte irailaren 12 eta 14an. Eta haurren danborrada hurrengo larunbatean, irailaren 16an izango da aurten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!