Dantzariek ukitu berezia emango diote Korpus eguneko elizkizunari eta Goiena telebistak zuzenean eskainiko du

2020/05/22
Card image cap
Musika banda eta txistularien taldearen kontzertua izango da Larrazagako lorategian

  Lau aste dira Korpus jaia bertan behera utziko zela iragarri genuenetik. Alegia, Korpus eguneko ohiko elizkizuna, prozesioa eta bestelako ospakizunak ez zirela egingo esan genuenetik, bildu ohi den jendetzaren segurtasuna bermatzerik ez zegoela eta. Oñatiko Udala, Mikel Goiaingeruaren Parrokia, Sakramentu Santuaren Anaidia eta Oñatz Dantza taldeko ordezkariek hartu zuten erabakia. Baina ekainaren 14ari ukitu berezia emateko gogoz geratu ziren guztiak eta parte batean hala izango dela aurreratu genezake.

  Santu ekartzerik eta prozesiñorik ez baina meza bai izango da Korpus egunean eta Oñatz dantza taldekoek aldarean dantza egingo dute. Koruak ere kantatuko du, urtero egiten duen bezala. Dena den, ez da Korpus eguneko ohiko elizkizuna ospatuko ez delako ez apostolu ezta San Migelik izango.

  Alarma egoerak leku itxietako edukiera mugatzen du, gorde beharreko distantziak direla eta. Parrokiako aforoa kontrolatzeko txartelak prestatzeko aukera aztertzen ari dira. Banaketa nola egin ere erabakitzeko dago. Dena den, elizara sartzerik ez dutenentzat Korpus eguneko elizkizuna Goiena telebistak zuzenean emango du. Hala adostu dute Parrokiako kontseiluarekin. Beraz, ekainaren 14an, 12:00tan meza izango da Goiena telebistan.

  Udalak ere bere ukitua emango dio egunari, Iñaki Olalde Kultura zinegotziak astean aurreratu digunez. 13:00tan, meza ostean, Oñatiko musika bandak eta udal txistulari taldeak kontzertua eskainiko dute Lazarraga jauregiko lorategian.

  Aurtengo Korpus eguna ez da ohiko moduan ospatuko baina egun berezia dela antzemateko elizkizuna eta kontzertua izango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!