Oñatiko udala

Columbus Fundazioa Arantzazura itzuliko da irailaren 13n, RenHacer jaialdiarekin

2025/06/11
Card image cap
Musika aukera zientziarekin uztartuko da, gazteentzat propio eskainiko den egun osoko jardunaldian

  RenHacer jaialdi solidarioak laugarren edizioa ospatuko du irailaren 6tik 14ra, Arantzazun, Bilbon eta Logroñon, CTNNB1 elkarteari laguntzeko dirua biltzeko helburuz. Irabazi asmorik gabeko erakunde honek gaixotasun arraro hau duten umeen familiei laguntza emateko eta gaixotasunaren ikerketa sustatzeko lana egiten du. CTNNB1 mutazio genetikoari buruzko lehen entsegu klinikoa aurten hasteko asmoa dago. Mutazio honek Euskadiko bost haurri eta Estatu osoko 35i eragiten die egun. Neurogarapenaren nahasmendu genetikoa da, ez oso ohikoa eta larria.

  RenHacer Jaialdiaren helburua entsegu klinikoak bultzatu eta gaixotasun oso arraroak dituzten haurrek terapia genikoa jasotzeko bidea errazteko dirua biltzea da. Irailerako programatu diren kontzertuetan Verdiren Requiema izango da lan nagusia, Donostiako Orfeoia, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta hainbat abeslari bakarlariren eskutik. Arantzazuko Santutegian irailaren 13an izango da.

  Baina aurtengo egitasmoak berritasun garrantzitsua dakar: gazteen kontzientziak piztu eta kezkak argitzeko egun osoko jardunaldia, Arantzazun, kontzertuaren egun berean. Gazteak gaixotasun ultrarraroei buruz sentsibilizatzeko eta terapia genikoaren arloko azken aurrerapenak azaltzeko gaian aditu diren zientzialariekin zalantzak eta gogoetak partekatzeko aukera izango dute. Jardunaldi doakoa izango da, Laboral Kutxaren lankidetzari esker. Zientzia eta musika uztartzen dituen aukera honetan parte hartzeko izena eman beharko da info@fundacióncolumbus.org-ra mezu elektronikoa bidalita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!