Brigadako pioi gidari plaza betetzeko deialdia kaleratu du Udalak

2022ko lan eskaintza publikoan jaso zen udal brigadako pioi gidari plaza. Ez lehen aldia plaza hau betetzeko deialdia egiten dela; pasa den hilabetean bertan hautaketa prozesua bete gabe itxi zen, azken ariketa inork ez baitzuen gainditu. Orain deialdi berri bat argitaratu da, baina oinarriak aurrez zehaztutako berberak dira: Euskarari dagokionean, lehen hizkuntza eskakizunaren maila eskatzen da; eskola graduko titulua, lanbide heziketa edo baliokidea; C motako gidabaimena, indarrean dagoen gidarien kualifikazio txartela eta garabi-kamioiaren prestakuntza ere eskatzen da, gutxienez, 6 ordukoa. Hautaketa prozesura aurkezteko dagokion tasa ordaindu behar da. Interesatuek abuztuaren 12ra arteko epea dute izena emateko, HAZ bulegoan edo udalaren erregistro elektronikoan sartuta.
Udal brigadako pioi-gidari plaza oposizio-lehiaketaz beteko da. Hautagaiek azterketa teoriko-praktikoak eta gaitasun eta nortasun probak gainditu beharko dituzte eta euskara maila egiaztatzen ez dutenek, euskara azterketa ere bai. Lehiaketa fasean berriz, lan esperientzia, formazio akademiko gehigarria eta eskatutakoaren gaineko gidabaimenak izatea baloratuko da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!