Oñatiko udala

Bost langabetu kontratatuko ditu Udalak kale garbiketa pioi lanak betetzeko

2016/09/05
Card image cap
Hiru hilabeteko iraupena izango duten kontratu hauek enplegua sustatzeko Lanbideren 2016ko programaren baitan egingo dira

  Horregatik, interesa duten langabetuek, lehenik, Lanbiden alta emanda egon behar dute eta hautaketa prozesura aurkeztu ahal izateko, izena ere Lanbideren web atariaren bitartez eman behar dute. Lehenbailehen egin behar da irailaren 1ean hasi baitzen izen-emate epea eta 7an, asteazkenean, itxiko da. Goizean, 39 ziren jada, izena emanda zuten hautagaiak.

  Kale garbiketa pioi lanpostu hauetara aurkeztu ahal izateko, Oñatin erroldatuta egon behar da, eskolaratze agiria edo baliokidea den beste agiri bat eta B motako gida baimena izan behar da. Gainera, esperientzia eta lehen hizkuntza eskakizunaren maila izatea baloratuko da. Era berean, RGIa delakoa jasotzen aritzea, 55 urte baino gehiago izatea, emakume izatea edo Lanbideren irizpideen arabera beste kolektibo bereziren bateko partaide izatea kontutan hartuko da.

  Udalak, kale garbiketa zerbitzuan pioi lanetan arituko diren bost langabetu hauei hiru hilabeterako kontratua egingo die, lan jardun osoz.

  Eta kale garbiketa zerbitzuarekin erlazionatuta bestalde, bihar eta etzi egingo dira Udalak zerbitzua osatzeko martxan dituen lan eskaintza publikoetan azterketa praktikoak. Urrian Udalak berreskuratuko duen kale garbiketa zerbitzurako 9 langile kontratatu nahi ditu, 7 pioi eta 2 pioi gidari. Pioiak hautatzeko bigarren azterketa, ariketa praktikoa, bihar goizean egingo da. 20 lagun dira aurreko azterketa gaindituta biharko probara aurkeztu daitezkeenak. Azterketa praktiko hori, ETEO zaharrean egingo da goizeko 9.00etatik aurrera. Eta pioi gidariei dagokien azterketa praktikoa berriz, etzi, asteazken goizean egingo da. Kasu honetan ere, ETEO zaharrean eta goizeko 9.00etan hasita. 11 lagun dira, kale garbiketa zerbitzuko pioi gidari lanpostuetarako hautaketa prozesuan dirautenak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!