Oñatiko udala

Bost lagun atxilotu zituen Ertzaintzak larunbatean Ulma Forjan lapurtzeagatik

2026/03/10
Card image cap
19 eta 48 urte arteko gizonezkoek polizia aurrekari ugari dituzte

  Lekuko batek deitu zien ertzainei, Ulma Forjan hainbat pertsona materiala lapurtzen ari zirela esanez, larunbat eguerdian. Bertaratu ziren patruilek ibilgailu bat ikusi zuten lantegitik urruntzen eta hau geldiarazi zutenean, auto barruko bost bidaiari identifikatu eta ibilgailua miatu zuten; metalezko hainbat pieza eta altzairu herdoilgaitzezko objektuak topatu zituzten, baita lapurreta egiteko erabiltzeko moduko erreminta batzuk ere. Ebidentzia horren aurrean, susmagarriak atxilotu egin zituzten indarrez lapurreta egitea leporatuta.Ondoren susmoak egiaztatu ahal izan zituzten enpresako segurtasun-kameretako irudien bidez; pertsona horiek lantegiko hesia hautsi zutela eta autoan aurkitu zuten materiala lapurtzera sartu zirela ikusi zuten irudietan.

  Atxilotuak 19 urtetik 48 urtera bitarteko bost gizonezko dira eta polizia-aurrekari ugari dituzte batez ere ondarearen aurkako delituengatik, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren epailearen eskuetan jarri dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!