Boluntarioak behar dira Elikagaien Bankuaren bilketarako
Urteko lehen bilketa handia egingo du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, ostiral eta larunbatean. Une honetan ez da iazko larritasunik Bergara eta Oiartzungo biltegietan, bereziki bonoen eta bestelako ekarpenen bitartez jaso ziren laguntza ekonomikoei esker, baina elikagaien beharra beti dago eta horri aurre egiteko gizartearen elkartasuna ezinbestekoa dela gogorarazten dute Gipuzkoako Elikagaien Bankutik.
Udaberriko bilketa handia prestatzen ari dira, baita Oñatin ere; dendetan laguntzeko prest dauden boluntarioak bilatzen ari dira. Elikagaiak utzi eta janari-bonoak eskuratzeko aukera jarriko da herritarren eskura. Oñatiko bost janari dendek bat egin dute kanpainarekin: Arantzazu Ama kaleko eta Errekaldeko Eroski dendek, San Migel kooperatibak, Olakuako BMk eta Errekaldeko dendak. Guztietan boluntarioak behar dira, laguntzaileen presentziak jasotzen den kantitatean eragiten duela baitakite antolatzaileek.
ACESMA elkartea arduratzen da Oñatin boluntarioak topatu eta hauen lana koordinatzeaz. Ari dira boluntarioen izenak hartzen eta zuzenean elikagaien bankuko onuradunengana jo dute laguntza eske, baita bigarren hezkuntzako ikastetxeetara ere. Baina boluntario gehiago behar dira bi eguneko txandak betetzeko, bereziki ostiral arratsalderako eta larunbaterako. Horregatik, laguntzeko gertu dauden herritarrei Ibis Rodriguezekin harremanetan jartzea eskatzen zaie, telefono zenbaki honetara deituta: 688 846 293. Boluntarioei zein lan egin behar duten azalduko zaie eta lagundu dezaketen egun eta ordu tarteen arabera txandak betetzen joango dira. Bi orduko txandak betetzeko 100nen bat boluntario arituko dira. Denda batzuetan elikagaiak jaso ez ezik janari bonoak jarriko dira bezeroen eskura. Baina azalpenak, sartu orduko emango dituzte boluntarioek. Hauek arduratuko dira baita ere herritarrek emandako elikagaiak jaso eta sailkatzen.
211 onuradun ditu egun Elikagaien Bankuak Oñatin, horietako 4 gainera, bi urtez azpiko umeak dira. Iazko datuekiko %25 gutxitu da Oñatin laguntza jasotzen dutenen kopurua, enplegua eta onuradunen egoera ekonomikoa hobetu delako. Dena den, baldintzak oso aldakorrak dira eta beharra beti dago, lehen aipatu bezala.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!