Oñatiko udala

Boli Kostako ordezkaritza bat Zubillagako hiltegian izan da

2026/04/29
Card image cap
Elikagaien segurtasuna indartzeko Euskal Herriaren eta Boli Kostaren arteko lankidetzaren baitan kokatzen da bisita

  Elikagaien osasun-segurtasuna bermatzeko helburuarekin lankidetza proiektua garatzen ari dira Boli Kosta eta Euskal Herria, Europar Batasunaren finantzazioarekin. Elkarlan horren baitan Boli Kostako ordezkaritza bat Euskal Herrian da eta astean Oñatin, Zubillagako hiltegia bertatik bertara ezagutzen egon da.

  Bisitaren garrantzia azpimarratu dute hiltegiko arduradunek, agerian uzten duelako Zubillagako instalazio eta lan-taldeak sektoreari ematen dion babesa, bai ongizatean eta baita elikagaien segurtasunean ere; hori baita kalitatezko elikagaien katearen oinarri nagusia, hiltegiko ordezkarien esanetan.
Euskal Herria eta Boli Kostaren arteko lankidetza proiektu hau ezagutza teknikoen transferentziatik haratago doa, osasun-gobernantza integratuaren alde egiten baitu. Osasun bakarra printzipioan oinarritzen den ekimena da eta Europar Batasunaren eta Animalien Osasunaren Mundu Erakundearen (OMSA) estandarrak hartzen ditu erreferentziatzat.

  Burutzen ari den lankidetza proiektu honetan Euskal Herriak sektorean duen esperientzia instituzional eta antolaketarena ezinbestekoa izan da Boli Kostan praktikak harmonizatzeko. 30 hilabeteko iraupena duen proiektu honen bidez, etorkizunera begirako gaitasun iraunkorrak sustatzea da helburua, bi herrialdeen arteko elkarlanarekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!