Bizipoza eskolak mural parte-hartzailea osatu du Eltzian, pumptrack eremuaren ondoan
Bizipoza elkarteak ikasturtean zehar Oñatin burutu duen lanaren ondorio eta azken emaitza da aipatu murala. Inklusioa eta izaera sozio-kulturaleko bestelako gaiak eta hauei loturiko balioak hezkuntza arautuan zein ez arautuan lantzea da Bizipoza elkartearen helburua. Oñatin, arlo horretan diharduten elkarte ugariei parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, ikastetxeekin harremanetan jartzearekin batera. Hala, 12 hitzaldi eman dira eta ia 600 ikaslerekin lan egin da. Hitzaldietan herriko hainbat eragilek parte hartu dute eta minbizia, Mendebaldeko Sahara, boluntariotza, errefuxiatuak, migrazioa, dolua, kulturaniztasuna edota elbarrituen mugikortasun eta irisgarritasuna moduko gaiak landu dira. Saioetan jasotako hausnarketa eta ekarpenak Eltzian margotu den muralean islatuko dira.
Murala Luis eta Martxelek margotu dute, Eltziako fatxadako mural nagusia margotu zuten artistek, Pumtrack eremu ondoan. Zuhaitz bat irudikatu dute eta kolorezko hosto geometikoak. Kolore bakoitzak kolektibo eta balore bat ordezkatzen du. murala: Muralaren margoketan LHko 4. eta 5. mailako ikasleek aktiboki parte hartu dute.
Murala margotu ahal izateko Bizipoza elkarteak eta Udalak hitzarmena sinatu zuten. Baina muralaren finantzaketatik haratago Udala eta elkartea helburuetan bat datozela azaldu zuen Asier Lauzurika Hezkuntza batzordeburuak.
Bizipoza elkarteak Euskal Herri osoko 38 elkarte biltzen ditu une honetan, hala nola, Aspanogi, Beroa, Naizen, Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioa, Hil Argi, Iñurri edota Oporrak bakean. Elkarteetako haur eta familiekin lan egitetik haratago, Bizipoza Eskola webgunea ere sortu da. Gai ugariren inguruko gida didaktikoak eta bestelakoak eskaintzen dira edonork landu ditzan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!