Oñatiko udala

Bizigune eta Asap programak azaltzeko saioa egin dute udal ordezkariek Kultur Etxean

2026/06/26
Card image cap
Informazio bilera Udalaren Etxebizitza planaren baitan kokatzen da

  Alokairurako etxebizitzak egokitzeko, alokairua kobratuko dela ziurtatzeko, aseguru poliza egiteko edota etxebizitzaren alokairua bera kudeatzeko bitarteko ezberdinak eskaintzen dituzte Eusko Jaurlaritzaren Bizigune eta Asap programek. Bakoitzaren ezaugarriak azaltzeko informazio saioa egin dute astean, Izaro Elorza alkateak eta Iñigo Ruiz Hirigintza batzordeburuak Kultur Etxean. Bizigune eta Asap programen helburua da hutsik dauden etxebizitzak alokairurako merkatura bideratzea, jabeei segurtasuna eta bermeak eskainiz.

  Alokabidek kudeatzen duen Bizigune programak alokairu babestura bideratzen ditu etxebizitzak. Gutxienez 6 urterako alokairu kontratua sinatzen da, eta, epealdi horretan, hileko errentaren ordainketa bermatzen da. Teknikari batek baloratzen du etxebizitza programan sartzeko moduan dagoen ala ez, eta %0ko interesarekin itzuli beharreko 15.000 eurora arteko aurrerakina eskaintzen da hobekuntza lanetarako. Etxebiden izena emanda dutenei bideratzen diren alokairuak dira. Egun programa honi atxikitako 55 etxebizitza inguru daude Oñatin, baina eskatzaileak 90 inguru dira.

  Asap programak berriz, merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza eskaintzen du, eta helburua da etxebizitza hutsak merkatuan arrazoizko prezioan jartzea. Horretarako, aseguru-polizen bidezko berme-sistema bat eskaintzen dio Eusko Jaurlaritzak etxe jabeari, eta, trukean, gehieneko errenta finkatzen du, merkatu librekoak baino baxuagoak eta lehiakorragoak izan daitezen.

  Argibide gehiagorako edota programa parte hartzeko, Debagoieneko Mankomunitatearen Suradesa zerbitzura jo dezake. Zerbitzu ibiltari hau asteartean Oñatin eskaintzen da, 9:30etik 13:00etara, Onaroren bulegoan, Bidebarrieta kalean. Aurrez hitzordua hartu behar da (900 25 12 51)

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!