Bitoriana Goitia eta Jazinta Aiastui omenduko dira herriko jubilatuen izenean, domekan
Azken urteetako eredua jarraituz Jubilatuen Eguneko ospakizunak parrokian eta ondoko klaustroan izango dira. Meza 12:00tan hasiko da eta urteroko omenaldia egingo da ondoren, parrokian bertan. Bitoriana Goitia eta Jazinta Aiastui omenduko dira herriko jubilatu guztien ordezkari gisa. Biek 90 urtetik gora dituzte. Bitoriana Goitia araoztarra da eta Jazinta Aiastui berriz, San Juan kalekoa. Bien aurkezpena familiako gaztetxoek egingo dute, omenaldiaren hasieran. Ondoren, Oñatz dantza taldeko ordezkari gazteen saioa izango da eta, amaitzeko, opariak emango zaizkie Pake Leku elkartearen eta udalaren izenean.
Baina Jubilatuen Egunak jarraipena izango du parrokiako klaustroan bertan zerbitzatuko den bazkariaz. 125en bat lagunek eskuratu dute bazkari-txartela. Mezetara joan gabe bazkarira doazenek San Juan kaleko atetik zuzenean sartu ahal izango dute klaustrora. Eta bazkalostean urteroko oparien zozketa egingo da klaustroan bertan.
Hainbat urtez luntxa egin eta gero jubilatuen bazkaria berreskuratu zen, Pake lekuko bazkideek eskatuta. Baina ez da bazkalosteko dantzaldirik egiten. Pake Lekuko zuzendaritza batzordeak pandemia ondoren hartu zuen erabakia, nagusienen ongizatea lehenetsiz. Oso nagusi direnentzat luzea eta neketsua da egun osoko ospakizuna eta omenduak nagusienetako direla kontuan hartuta, Jubilatuen eguna arratsaldeko lehen orduetan amaitzea erabaki zen.
Bi emakume omenduko dituzte Jubilatuen Egunean, iaz egin bezala: Jazinta Aiastui eta Bitoriana Goitia.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!