Bisitarien kopuruak nabarmen gora egin du urteko lehen sei hilabetekoan Oñatin

2018/07/06
Card image cap
Azoka eta hedabideetan promozioak egiten ari dira udako kanpainara begira

  Bisitarien erregistroa egiten duten herriko zerbitzu eta bulegoetan hazkunde horren datu esanguratsuak jaso dituzte:  turismo bulegoan jasotako bisitak % 11 hazi dira eta Oñatiko arte eta historiaren inguruan eskaintzen dituzten bisita gidatuetan partaideak % 18 gehiago izan dira; Arrikrutzeko bisitariak % 23 hazi dira eta Txokolateixian % 48. Ondorioa garbia da, iazko lehen urte erdian baino dezentez bisitari gehiago hurbildu direla Oñatiko turismo zerbitzuetara. Ez hori bakarrik, bertatik eskaintzen diren bisitak ere, iaz baino lagun gehiagok egin dituzte.

  Udako hilabeteotan ere goranzko joerak jarraipena izatea espero da eta horretarako bitartekoak jarriko dira, bai garraio zerbitzu osagarriak eskainiz eta promozioa eginez. Iazko esperientzia errepikatuaz, Donostia eta Oñati lotuko duen autobus turistikoa zirkulazioan jarriko da. Uztailaren 21etaik irailaren 29ra larunbatero abiatuko da Donostia-Tolosa-Ordizia-Oñati ibilbidea osatuz. Hiriburura hurbiltzen diren bidaiariei Gipuzkoa barrualdea ezagutzeko aukera eskainiko diete autobus turistikoek.  Autobusak 8:30etan, 10:45etan eta 12:45etan aterako dira Donostiatik eta azkena, 18:30tan itzuliko da hiriburura. Bidean, eta bidaiariak hartu duen txartelaren arabera, ibilbideko herri batean, bitan edo hirutan gelditu ahal izango du eta atzetik datozen autobusetan igota bidaiari berrekin. Ibilbidean zehar bisitariek eskuragai izango dute bisitatuko dituzten herriei buruzko informazioa eta herri bakoitzeko turismo bulegoetan ere bidaiarien zalantzak argitzeko gertu egongo dira.

  Turismo bulegoko lagunak udako kanpainan murgilduta daude erabat, Donostiara begira ez ezik, Madril eta Kataluniako merkatuetara begira sustapena egiten ari dira. Iparraldeko bisitariak erakartzeko bestalde, bi promozio bideratu dira Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziatik, maiatzean workshopa egin zen eta Sud Ouest  egunkarian ere gehigarria argitaratu da. Aipatzekoa da Oñatira hurbildu diren turisten artean iparraldetik eta Frantziatik datorren bisitari kopuruak nabarmen gora egin duela, % 10 hazi baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!