Bilera datarik gabe aurrera jarraitzen du kale-garbitzaileen grebak
Eusko Jaurlaritzak agindutakoari jarraituz %100eko gutxieneko zerbitzuak bete ziren San Migel egunaren inguruko jai-asteburuan eta beste horrenbeste egingo da datorrenean ere, baldin eta greba bertan behera uzten ez bada. Baina halakorik gertatuko dela pentsatzeko arrazoirik ez dago, langileak eta udal ordezkariak ez baitira bildu, pasa den ostiraletik. Bilera datarik ez dagoela adierazi digu gainera Izaro Elorzak gaurko Alkatearekin berbetan irratsaioan.
Kale-garbitzaileen ezinegona lehenagotik badator ere, 2026ko lan-egutegiaren harira bizitu da. Zerbitzuko plantilla handitu, pioi-gidari gehiago jarri eta eguneko lan jarduna luzatuta atseden egun gehiago hartzeko aukera izatea eskatzen dute kale-garbitzaileek, nagusiki. Udala eskatutako aldaketa gehienak betetzeko prest dago, ez ordea, plantilla handitzeko. Udal gobernu taldeak dio ez dela halako beharrik identifikatu berriki egin den udal antolakuntzaren inguruko azterketan, eta taldera errefortzuko bi pertsona batzen direla, urte sasoiaren arabera. Langileen ia eskaera guztiak barnebiltzen dituen egutegia proposatzeko konpromisoa idatziz helarazi zaiela esan du alkateak Oñati Irratian eta gaia bideratzeko prestutasuna azpimarratu du.
Kale-garbitzaileek bosgarren greba eguna bete dute gaur, praktikan bigarrena izanik ere, eta protesta eta elkarretaratzeekin jarraitzen dute, gutxieneko zerbitzuak betetzen dituzten bitartean. Asteburuan, esterako, esku-orriak banatu, kartelak jarri eta elkarretaratzeak egin dituzte plazan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!