Biharko greba deialdiak Oñatin oihartzun zabala izatea aurreikusten da
ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitu dute biharko greba orokorra Gutxieneko soldata hemen erabaki leloa hartuta. Deialdi horren harira hainbat enpresa eta zerbitzutako langileek asanbladak egin dituzte aurreko egunotan. Hala, greba egitea erabaki dute, esaterako: Hijos de Juan de Garayn, Chinchurretan, Ametsen, Nemesio Zubian, Natran, Zubillagako hiltegian, Autlanen eta Ulma Embedded-en. Ulmako beste negozioetan eta Onnera Groupen grebarik ez egitea erabaki dute. HH eta LHko herriko hiru ikastetxeetako langileen gehiengoak ere bihar greba egitea bozkatu du eta berdin Natur Eskolan eta MUko Enpresagintza fakultatean. Baita Oñatiko Udalean ere; Kiroldegia, Gaztelekua, Kultura etxea, Euskaltegia eta Oñati Irratia itxita egongo dira bihar. Halakoetan bete behar diren gutxieneko zerbitzuak agindu ohi ditu alkateak eta Udaltzaingoak normaltasunez lan egingo du; udaletxean, dokumentuen erregistroan eta telefono bidezko harrera egiten langile bat arituko da, 9:00tatik 13:00ra; argi eta ur horniduran, jaiegun baten pareko zerbitzua mantenduko da eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan II eta III. mailako mendekotasuna duten erabiltzaileei laguntzeko zerbitzuak bakarrik beteko dira, gutxienez. Debagoieneko Mankomunitateko langileek ere greba babestu dute eta Arrasateko bulegoak eta Garbiguneak, Urrutxukoa barne, itxita egongo dira bihar. Industriagunetako astearteroko hondakin organikoen bilketa zerbitzua ere ez da beteko.
Txanda dendarien elkarteak ez du erabakirik hartu elkarte moduan, eta dendari eta komertzio bakoitzak erabakiko du bihar ireki ala ez. Osasun zentroan ere mediku eta erizain bakoitzak erabakiko du greba egin ala ez; lanera doanak bere pazienteak artatuko ditu eta besteentzat, gutxieneko kontsulta presentzialak Arrasaten egongo dira. Baina kontu egin, medikuak grebara deituta daudela astean, beraien estatutu propioa eskatzen baitute.
Gutxieneko soldata hemen erabaki leloa hartuta deitu da biharko greba orokorra. Egun indarrean dagoen gutxieneko soldatak bizitza duina ez duela bermatzen salatzen da, soldatak ez direla bizitza garestitu den neurri berean jaso. Ondorioz, langileak erosahalmena galduz doaz eta pobrezia zabalduz doa. Emakumeak, gazteak eta migratutako pertsonak dira bereziki prekarietate egoera nozitzen ari direnak, greba deitzaileen esanetan, eta datu konkretuak eman dira: Hego Euskal Herrian 5 langiletik batek 1.500 eurotik beherako soldata dauka eta hala daude, 239.535 langile, gutxienez. Horietako 3tik 2 emakumeak dira eta 2tik 1 migrantea da. Laurdena berriz, 30 urtetik beherako gazteak dira. Lanbide arteko gutxieneko soldata Hego Euskal Herriko erakundeetan erabaki dadin eta enpresarien elkarteak negoziazio mahaitara bultzatzeko deitu da biharko greba orokorra.
Deialdiaren harira hainbat mobilizazio antolatu dira gurean: 9:30etan kalejira egingo da, plazatik abiatuta, ondoren, Eibarren egingo den eskualde mailako manifestaziora joateko kotxe kedada egin da Eroskin eta arratsaldean, kafe herrikoia egingo da plazan, 16:30etan eta manifestazioa, 18:00etan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!