Biharko deituta dagoen greba orokorrak erantzun zabala izango du Oñatin.

2012/09/25
Elkarte anonimo diren enpresa handienetan langileen gehiengoak lan uztearen alde bozkatu du, kooperatibetan berriz, batzuk lanera joatea erabaki dute. Ikastetxeetan bestalde, greba egingo da eta dendari batzuek ateak itxita izango dituztela jakinarazi dute.

  Batera eta bestera deika ibili gara langileen asanbladek hartu dituzten erabakiez galdezka eta elkarte anonimo izan edo kooperatiba izan, orokorrean erantzuna ezberdina izan dela esan genezake.
S.A edo elkarte anonimo diren enpresetan grebaren aldeko erabakia nagusitu da. Hala, Garai, Natra, Energia Portatil, Stadler, Txintxurreta eta Altunan greba egingo dute.

  Kooperatiba izaera duten enpresetan berriz, jarrera ez da hain bateratua izan. Fagor Industrialen esaterako, lanera joatea erabaki du gehiengoa keta hala egingo dute baita ere, ULMA eraikuntza, packaging,  Handling sistem eta hormigon polimero negozioetan. Ulma piping edo forjan aldiz, greba egingo dute. Mantenu zerbitzuetan, gaia aztertzeko inolako deialdirik ez dela egin esan digute goizean. Kooperatibekin jarraituz, LANAn ere greba egitea erabaki dute.

  Hezkuntzan, greba orokorra izango da. Txantxiku ikastolan, Elkar Hezin, Errekalde herri eskolan eta Zuazola-Larraña institutuan bihar ez da eskolarik izango. Institutuan dena den, irakasle batzuk desbinkulatu eta bihar eskola emango dutela esan digute.

  Txiki txoko haur eskolan ere greba egingo dute eta legez agindutako zerbitzu minimoak soilik beteko dira. Langile bakarra izango da goizeko 7 eta erdietatik ordu bi eta erdietara eramaten diren haurrak zaintzeko.
Mondragon unibertsitatean bestalde, langileek, arratsaldeko lauak arteko epea dute bozka emateko beraz, ordura arte ez da jakingo bihar lan ala greba egingo duten. Ikasleek zer egingo duten ere, arratsaldeko azken ordura arte ez da jakingo.

  Udal langileen gehiengoak ere greba egitea erabaki zuen pasa den ostegunean egindako asanbladan. Ondorioz, bihar udal zerbitzu eta eraikinak itxita mantenduko dira. Udaletxeko erregistroa da irekiko den bakarra, baina hau ere, herritarrei zabaldutako ordutegian soilik, goizeko 9etatik ordu bietara. Edozein zapatu edo domekatan bezala, bihar ere, argiteria eta lurperatzaile zerbitzuetako arduradunak lokalizatuta egongo dira. Udaltzainak ere lanean izango dira polizia legearen arabera, ezin baitute grebarik egin.

  Dendari eta tabernarien asmoa ere jasotzen saiatu gara. Hauen artean ez da erabaki orokorrik hartu. Batzuek jada, lokalean jarri dituzten oharren bidez bihar itxita mantenduko dutela jakinarazi dute baina banaka hartutako erabakiak dira. Eroskin eta San Migel kooperatiban adibidez greba egitea erabaki dute baina Super BM-n irekitzeko asmoa dute.

  TXANDA dendarien elkarteak, bestalde, arratsalderako deitu ditu bazkideak halako sondeo moduko bat egiteko. Txandako bazkideei, maila informatiboan emango zaie bozketa horren berri baina jakinaraziz, emaitza ez dela loteslea.

  Euskal Herrian murrizketarik ez! Lan eta gizarte eskubideen alde! dira biharko zabaldu den greba orokor deialdiaren lema nagusiak. ELA. LAB, ESK, CNT, CGT, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek beste hainbat eragile sozialekin batera atzo Bilbon egin zuten agerraldian, “lorpen sozial guztiak borrokan, mobilizatuz eta kalera atereaz lortu direla” esan zen.

  Horretxegatik herri eta eskualde mailan ere hainbat mobilizazio antolatu dira biharko. Eguerdiko 12etan esaterako, elkarretaratzea egingo da plazan, eta arratsaldeko 6retan, Arrasaten manifestazioa. Bailara mailako ekitaldi horretara joan ahal izateko bizikleta martxa antolatu da. Hitzordua, arratsaldeko 5etan plazan egin da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!