Bihar irekiko da Ur-uhinak parkea

2020/06/30
Card image cap
Ordu erdiko txandak emango dira eta 22 neska-mutikoren aforoa gordeko da

  Covid-19ak zuzenean eragingo dio Ur-uhinak parkearen erabilerari. Osasun sailak kaleratu duen kontingentzia planaren irizpideak jarraituz, kutsatze arriskua minimizatzeko hainbat prebentzio neurria hartuko ditu Udalak Larrañako ur uhinen parkean. Txorroetara sartu eta irteteko lekuak berezitu dira, ingurua zaintzen eta txandak ematen zaintzaile-harreragileak izango dira eta erabilera denbora eta kopurua mugatu egingo dira, besteak beste.

  Ur-uhinak parkearen erabilera erreserba bidez egingo da aurtengo udan. Ur txorrotan jolastu ahal izateko txanda hartu beharko da, egunean bertan. Txandek 30 minutuko iraupena izango dute, beti ere, beharraren arabera aldatu daitekeelarik. Egunean txanda bakarra hartu ahal izango da baina  eskariaren arabera aldatu egin daiteke baita ere. Erreserba eskaera bakoitzeko hiru neska-mutikorentzat lekua eskatu ahal izango da. Ur jolasen aforoa 22 lagunekoa izango da txanda bakoitzean.

  Txanda ur parkean bertan eskatu ahal izango zaio zaintzaile-harreragileari edo telefonoz honako zenbakira deituta: 698 933 874. Aipatu zenbakia parkean jarriko den informazio kartelean agertuko da. Era berean, gunea erabiltzeko arauak eta higiene neurriak ere azalduko dira kartelean. Eskuak maiz garbitu eta 2 metroko segurtasun distantzia gordetzeko ia ohiko bihurtu zaizkigun gomendioez gain beste aholku batzuk agertuko dira: jolaserako objekturik ezingo da erabili, Covid-19aren sintomarik izanez gero parkera ez joateko eskaera, toallak ez partekatu eta etxera heltzean bainujantziarekin batera garbitzea eta adingabeak zaindu eta prebentzio neurriak bete ditzaten behin eta berriz eskatzea, besteak beste. Ur uhinak parkera sartu eta irteteko erabiliko diren bideak azaltzen dituen marrazkia ere agertuko da kartelean eta guneak izango duen erabilpen egutegi eta ordutegia ere bai, hau da, uztailaren 1etik irailaren 20ra, 11:00tatik 13:00era eta 15:00tatik 20:00tara. Gainontzeko orduetan jolas eremua itxita egongo da.

  Guztia gertu dago, udaleko mantenu langileek ur-txorroten instalakuntza egiaztatu eta ur eta argindar hornidurak berrezarri dituzte eta komun publikoa ere kokatu da.

  Figura berezia izango da aurten ur-parkean, zaintzaile-harreragilearena, esan bezala. Udako Zaintza Hezitzaile Zerbitzurako osatu zen begirale zerrendatik hiru lagun kontratatu dira eta txandaka beteko dute ur-parkeko zaintza lana, bainu denboraldiak irauten duen bitartean.

  Covid-19ak eragindako egoera berezi honetan neurri bereziak hartu behar izan ditu Udalak, Ur-uhinak parkeaz ahalik eta modurik seguruenean gozatu ahal izateko. Alde horretatik, ulerkorrak izan eta gomendioak jarraitzea eskatzen zaie erabiltzaileei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!