Oñatiko udala

Bihar 11:27tan eta Udanatik behera etorriko da 20.Korrika Oñatira

2017/04/07
Card image cap
Elorregira bitartean dauden kilometroetan 20 talde, erakunde eta ikastetxetako lagunek eramango dute lekukoa

  BatZuk lema herririk herri zabaltzen diharduen 20.Korrika Iruñean amaitu bezperan pasako da Oñatitik. Udal ordezkariak izango dira lekukoa legazpiarren eskutik hartuko dutenak. Ondoren, eskuz esku eramango da San Prudentzioko biribilgunean arrasatearrei eman bitartean. Korrikak gurean egingo dituen kilometroak 20 talde, erakunde, ikastetxe eta lantegik erosi dituzte, horrek esanahi du, zenbait kilometro erdibana egingo direla. Udala, EAJ, Joxely taldea, SORTU, musika eskola, Makalena elkartea, TXANDA, Oñatz, Txantxiku ikastola, Elkar Hezi, Urgain, Gaztetxea, Lagun leku elkartea, ikastolako langileak, Txintxurreta, Gipuzkoako urak, Fagor Industrial, Ulma Fundazioa eta Ulmako langileak dira kilometro horien erosleak.

  Erdiguneko metroetan herriko ikastetxeek eramango dute lekukoa. Txantxiku ikastolak Bidaurretan hartuko du 12:05 inguruan, ondoren Elkar Hezik eta plaza zeharkatuta, Txaketua ondoko postontzi parean Urgainek jasoko du. Baina Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan gaur egingo dute antxintxika, 15:00tan Korrika txikia osatuko baitute. Gero txokolatada eta txorimaloak izango dira. Jaiak Gaztetxean jarraituko du gauean. Bihar ere, Korrikaren aurretik eta ondoren, ospakizun ugari izango dira herrian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!