31. Euskal Espeleologia Jardunaldiak Oñatin egingo dira, apirilaren 2tik 6ra
Euskal Espeleologoen Elkargoak antolatu ditu espeleologia jardunaldi hauek, Aloña Mendiko Espeleologia Taldearekin elkarlanean. Aste Santuko jaiegunak probestuko dira Oñatiko bi eremutan lan egiteko: Lizartza 1 sisteman eta Aloña mendilerroko beste hainbat kobazulo txikitan.
Lizartza 1 sistema esploratu eta 100 metrotara dagoen Gesaltza-Arrikrutz sistemarekin lotzea da jardunaldion helburuetako bat. Lizartza 1 kobazuloak 450 metroko desnibela eta 4 kilometro pasatxoko garapena du. Bi talde arituko dira bertan lanean, batzuk egunero sartu-irtenean eta beste batzuk, sistema barruan lo eginez, 415 metroko sakoneran dagoen Kortakogain izeneko bibak eremuan. Sistemak duen sarrera aho bana erabiliko du lan-talde bakoitzak: Lizartza 1eko ahoa, egunero sartu-irtenean ibiliko den esplorazio taldeak, eta Atxuriko meatze ahoa bibakean atseden hartuko duenak. Muturreko eguraldi baldintzak gertatuz gero, aurreikusitako jarduerak Gesaltza-Arrikrutzeko gune fosilean egingo dira.
Aloña mendilerroan prospekzio lanak egitea da jardunaldion bigarren helburu nagusia. Horretako hainbat talde antolatu asmo dira, aldi berean, behar duten haitzuloen katalogazioa egin dezaten. Izan ere, tamaina txikiko haitzulo ugari dago Aloña mendilerroan eta horien kokapena topatu, argazkiak atera, topografia eta bestelako dokumentazio lanak egitea proposatuko zaie talde horiei. Apirilaren 2tik 6ra luzatuko diren euskal espeleologia jardunaldi hauek hitzaldi, dokumental emanaldi eta tailer batez osatuko da. Iganderako antolatu den tailerra izan ezik, gainontzeko aktibitateak eguneko esplorazio lana amaitu ondoren, 21:00etatik aurrera egingo dira, Arantzazuko aterpetxean. Bertan hartuko baitute ostatu espeleologia jardunaldi hauetara datozen lagunak.
Zabalik dago jardunaldietan parte hartzeko izen-ematea, otsailaren 28ra arte. Egitaraua eta bestelako xehetasunak, euskal espeleologia elkargoaren web atarian topatuko dituzue.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!