Oñatiko udala

Bigarren saria irabazi du Hots abesbatzak Totanako habanera eta polifonia lehiaketan

2026/07/13
Card image cap
Pozik eta harro itzuli dira Murtziatik, hiru eguneko joan-etorriko espresa eginda

  Larunbat gauean jokatu zen Totanako 35. habanera eta polifonia lehiaketa eta parte hartu zuten lau abesbatzen artean oñatiarrak bigarren postuan sailkatu ziren, 2.000 euroko saria eskuratuz. Lehenengo saria Mexikoko Coro de Cámara de la universidad de las Américas Puebla taldeak eraman zuen eta hirugarrena Madrilgo Coral polifónica joven de Torrejón de Ardoz taldeak. Oñatiarrak pozik eta harro itzuli dira, emanaldi indartsua egin zutela jakinarazi dute eta hilabeteetan prestatutako programa sentimenduz eta konpromisuz defendatu zutela azpimarratu dute.

  Murtzian bizitako esperientziaren ondoren udako oporrak gustura hartu dituzte Hots abesbatzako kideek, nekagarria izan delako asteburua oñatiarrentzat. Ostiral goizean irten ziren autobusez, ilunkaran iritsi eta deskantsu txikia hartuta, larunbata entsegu eta lehiaketa eguna izan zuten; igandean, berriz, gosaldu eta itzulerako bideari ekin zioten, autobusez berriro. Baina asteburua giro apartean pasatu eta gozatu dutela adierazi digu Aitor Biain zuzendariak.

  Oñatiarrek bost abestiko programa eskaini zuten Totana hirian, partaide guztientzat derrigorrezkoa zen Ojos de Sol doinuarekin batera Verde Mar eta Añoranza de un Marino habanerak kantatu zituzten eta polifonia atalean berriz, O Sapientia eta Oihu Hau. Beraz, Euskal Herriko doinuak erakusteko ere baliatu dute larunbateko lehiaketa.

  Hots abesbatzak 2025-2026 denboraldiari amaiera eman dio baina ikasturte berrirako hainbat hitzordu jada lotuta dituela hartuko ditu oporrak; irailetik aurrera Torreviejako Nazioarteko Abesbatza Zikloan, Ea herrian eta Gasteizko Abesbatza Zikloan parte hartuko du abesbatzak, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!