Bigarren saria irabazi du Ganbara abesbatzak Binissalemgo lehiaketan
Binissalemgo IV. koru lehiaketan parte hartu du Ganbara Abesbatzak, asteburuan eta bigarren sariarekin itzuli da Mallorcatik. Oñatiarrek saria ex aequo lortu dute Cor de Cambra Oriol Martorell-ekin. Lortutako sariarekin oso pozik itzuli dira Ganbara abesbatzako kideak, eta epaimahaiak esan diena bereziki azpimarratu dute: lan oso ona egin dutela, indar handia eta kolore berezia duen abesbatza dela, taldea osasuntsu dagoela eta programa exigente batekin joan direla.
Binissalemgo lehiaketa bi kategoriatan banatzen da, haurren abesbatzak, batetik, eta helduenak, bestetik. Nagusiena, gainera, bi fasetan erabakitzen da, finalaurrekoa, larunbatean, eta finala, igandean. Estatuko zortzi abesbatzek parte hartu zuten larunbatean eta lau sailkatu ziren igandeko finalera: Ganbara Abesbatza, Cor de Dones de la UIB, Cor de Cambra Oriol Martorell eta Coro Sinfonia - Escuela Coral de Torrevieja. 3000 euroko lehenengo saria, Torreviejakoek eskuratu zuten eta Ganbara abesbatzak eta Cor de Cambra Oriol Martorell-ek, 2000 euroko bigarren saria ex aequo eskuratu zuten.
Zapatu-domeka kantuan eta lehiatzen eman eta gero, astelehena, turismo pitin bat egiteko aprobetxatu du Ganbara abesbatzak, Binissalem eta Mallorcako beste txoko batzuk bisitatuz. Oñatiarren hurrengo emanaldia, abenduaren 21eko Hator Hator kontzertu bateratua izango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!