Bigarren leheneste saioa egingo da bihar, Partaidetzazko Aurrekontuak prozesuaren baitan

Pasa den astean egin zen lehen saio irekia osatzera dator biharko bilera. 145 proposamen dira leheneste saio hauetan baloratuko direnak, errepikatutakoak edo aurrez zehaztutako baldintzak betetzen ez zituztenak baztertu eta antzekotasunaren arabera multzokatu ondoren. Pasa den astean azpiegiturak, hiri altzariak eta irisgarritasunarekin zerikusia zuten proposamenak aztertu ziren, bihar, berriz, kirola, aisialdia, gaztaroa, zahartzaroa, kultura, mugikortasuna, landa-eremua, berdeguneak, ingurumena, energia berriztagarriak edota animalien ingurukoak azalduko dira. Guztiak, lau irizpide nagusien arabera puntuatuko dira: onuradun kopurua; onuradunen zaurgarritasuna , generoa, adina eta jatorria kontutan hartuta; eskaera historikoa den eta exekuziorako duen erraztasuna. Proposamen bakoitzari herritarrek emandako puntuen batuketaren emaitzaren arabera ordenatuko dira. Kultur Etxeko erakusketa gelan egingo da bigarren eta azken leheneste saioa, bihar, 18:00etatik 20:00etara. Aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da, euskaratik gaztelerara.
Partaidetzazko Aurrekontuak 2026-2027 prozesuan jaso diren proposamenek hainbat datu estatistiko eskaini dituzte: proposamenen %78a euskaraz egin dira, 30 eta 49 urte artekoek bideratu dituzte proposamenen ia erdiak, konkretuki % 49a eta emakumeak aktiboago aritu dira, proposamenen % 58a aurkeztuta. Online jaso dira %62 eta eskuz betetakoen ia 10etik 4 Zubikoa kiroldegiko kutxan eta beste 10etik 3 Kultur etxekoan utzi ziren.
Bihar osatuko den proposamenen leheneste fasearen ondoren, udal teknikarien txanda iritsiko da eta herritarrek aurrera botatzen dituzten proposamenak bideragarriak diren aztertu beharko dute, bakoitzari dagokion aurrekontua zehaztearekin batera. Gogoratu, gehiegizko muga 225.000 euro dela. Prozesuaren laugarren eta azken fasea, bozkatzearena izango dela, urtarrilean, eta orduan ere, hitza herritarrei emango zaie berriro.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!