Bide kontuak nagusi izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2022/06/09
Card image cap
Joxiuena baserritik Ugarkalderako bide zatiaren konponketaz eta Lezesarri auzorako oinezkoentzako ibilbidea egokitzeko lanez arituko dira

  Apirileko Osoko Bilkuran onartu zen Joxiuena baserritik Ugarkalde auzoko sarbiderako bide zatia konpontzeko dirulaguntza ematea. Erabaki hori hitzarmen batean jaso da eta gaia arratsaldeko tokiko batzarrean azalduko da. Herritar askok erabiltzen du San Lorentzotik Ugarkaldera doan bide hori. Gehienak oinez ibiltzen dira baina autoak ere bai, nahiz eta bidea estua den. Eta horixe da asmoa, bidea, zati batean, zabaldu eta konpontzea, segurtasuna hobetze aldera. Udalaren eta konponduko den bide zatiaren inguruan dauden bost baserri jabeen arteko hitzarmenak dio konponketa lanak udan eta auzolanean egingo direla eta Udalak 8.500 euroko dirulaguntza emango duela.

  Lezesarri auzora oinezkoentzako ibilbidea egokitzeko lanak kontratatzeko gaia Gobernu Batzarrera eramango da berriro,  arratsaldean. Lanok esleitzeko prozedura bertan behera utzi zuen Kontratazio Mahaiak, eskaintzarik aurkeztu ez zelako, eta lizitazio aurrekontua errebisatuta, prozesu berria abiatzea eskatuko zaio gobernu taldeari. Aurrekontua ia 19.000 eurotan jaso da.

  Aipatutakoaz gain, hainbat zerbitzu kontratatzea ere proposatuko da arratsaldeko batzarrean: Oñatiko ikastetxeetan eskola 2030 programa garatzeko zerbitzua, Hirigintza aholkularitzari laguntza emateko zerbitzua eta Oñatiko ekintza komunitarioaren analisi estrategikoa dinamizatzeko zerbitzua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!