Bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak atzo herriko enpresa batean lapurtzeagatik

2017/03/07
Card image cap
Hirugarren batek errekatik ihes egin zuen

  Oñati inguruan zebilen patruila batek furgoneta susmagarri bat atzeman zuen atzo gauerdian Lizaur kalean. Ertzainak furgonetaren matrikula kontsultatzen ari zirela, inguruko enpresa bateko segurtasun zaintzaileak lapurretaren berri eman zuela jakin zuten. Agenteetako batek ibilgailu susmagarria zaintzen zuen bitartean, beste ertzaina lantegiaren ingurura hurbildu zen eta pertsona batek enpresaren hesiaren gainetik jauzi egiten zuela ikusi zuen. Gizonezkoak sasien artetik aurrera egin zuen errekan barrena ihes egiteko. Ihesaldian, material elektrikoz betetako transpaleta utzi zuela dio Segurtasun Sailaren prentsa oharrak.

  Aldi berean lapurrari laguntzen ari ziren kanpoko konplizeak identifikatu zituzten eta furgonetaren barruan enpresatik lapurtutako kobrezko hiru barra aurkitu zituzten. Ondorioz, furgonetan zain zeuden bi gizonezkoak atxilotu zituzten indarra erabilita kobrea lapurtzearen akusaziopean. Atxilotutakoak, 32 eta 44 urteko gizonezkoak, delitu-historial luzea dute Ertzaintzaren arabera. Atxilotutakoak Ertzaintzaren komisariara eraman zituzten eta diligentziak beteta libre geratu ziren epailearen zitazioaren zain.

  Ertzaintzak eginbideak zabalik ditu lapurretan parte hartu duen hirugarren pertsona identifikatu ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!