Bi egun eta erdiko argi mozketa egingo du Oñargik Santipillau inguruko zutoin elektrikoa ordezkatzeko
Udalak hala eskatuta Santipillau baserri parean lanean ari da Oñargi, argindar poste bat lekuz aldatzeko eta beste zutoin elektriko berri bat instalatzeko. Lan hauek ezinbestekoak dira Garagaltza eta Zañartu arteko auzobidean dagoen bihurgune bat zuzentzeko. Zutoin berriak prestatzen ari dira eta datorren aste hasieran hariteria aldatuko da. Hori egiteko, ordea, hornidura etena egingo da bi egun eta erdiz, konkretuki, asteleheneko 8:30etatik asteazkeneko 17:30etara. Tarte horretan lau eraikin argindarrik gabe geratuko dira: Lamiategiko eta Olateko zentralak eta Miruerrekako presa eta baserria. Lehenengo hirurak Oñatiko Ur Jauziak enpresako azpiegiturak dira, laugarrena berriz, jabetza pribatua. Guztiei argindar mozketaren berri eman zaie.
Santipillau baserri parean urteetan egon den zutoin elektrikoa pitin bat gorago jasotzen ari den posteak ordezkatuko du. Bide batez, behealdean, errekaren aldameneko beste lursail batean prestatuko den bigarren zutoinera bideratuko da argindar hariteria.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!