Bi bisita gidatu antolatu dira unibertsitateko obrak bertatik bertara ikusteko
Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentuak antolatu ditu bisitak, oñatiarrek, nagusiki, eta interesa duten pertsona guztiek, Sancti Spiritus unibertsitatean egiten ari diren lanak ikusi eta arduradunen azalpenak jasotzeko aukera izan dezaten. Bisitak ostiralean, irailaren 18an egingo dira eta bi saio aurreikusi dira, lehena 10:00etan eta bigarrena, 16:00etan. Biak elebitan egingo dira, birgaitze lanetan ari diren arduradunek gidatuta. Azken hilabeteotan unibertsitatean egiten ari diren zaharberritze lanak azalduko dituzte, besteak beste, XVI. mendean jatorriz zuten itxurara bihurtzeko fatxadetan edota elementu eskultorikoen inguruan egin direnak. Turismo-bulego berria hartuko duen espazioa ezagutzeko aukera ere izango da. Interesa duten pertsonek mezu elektroniko bat bidali beharko dute honako helbidera: diputada_mtot@gipuzkoa.eus; izen-abizenak, bisita egiteko ordua eta hizkuntza, eta harremanetarako telefono-zenbakia adieraztea eskatzen da.
Sancti Spiritus unibertsitatean egiten ari den esku-hartzea zorroztasun tekniko eta historiko handienarekin egin dela adierazi du Azahara Dominguez diputatuak eta bereziki interesgarritzat jo du oñatiarrek eraikina bisitatu eta egiten ari diren lanaren inguruko azalpenak zuzenean jaso ahal izatea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!