Bi autobus joango dira bihar Oñatitik Bilbora, Gure Eskuk antolatu duen mobilizaziora

Herritarrak berriro aktibatu nahi ditu Gure Esku mugimenduak, status politikoari buruzko eztabaidan parte hartu dezaten. Gure aniztasunean oinarrituz bidea elkarrekin egiteko gonbidapena luzatu du astean Gure Esku-ko bozeramaile Josu Etxaburuk. Burujabetza espazio berriak eskuratzeko mobilizatu eta aurrera egiteko garaia dela uste du Gure Esku-k denoi eragiten digulako eta eragile sozialek eta herritarrek ekarpen interesgarria egin dezaketelako.
Eskuhartze aktiborako borondate hori irudikatzeko manifestazioa egingo da bihar Bilbon, 17:30etan. Herritarrrei parte hartzeko eta ikurrinak eramateko deia egin diete.
Bitartean, Oñatiko Gure esku taldeak autobusak antolatu ditu Bilbora joan-etorria egiteko. Bi autobus irtengo dira, bat goizez, 10:00etan, eta bestea, arratsaldez, 15:00etan. Autobusak Enpresagintza fakultate aurrealdetik irtengo dira. Autobusak ez dira bete eta, ondorioz, Bilbora joateko erabakia azken orduan hartzen duenak ere, izango du lekurik. Jarritako ordua baino lehenago abiapuntura hurbildu besterik ez du egin behar.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!