Beste hiru greba eguni ekin diote gaur San Martin egoitzan, hitzarmen berriaren alde

Sektorean gehiengoa duen ELA sindikatuak deitu ditu greba egitera Gipuzkoako adinekoen egoitza eta eguneko zentroetako langileak, gaur bihar eta etzi, ekainaren 11, 12 eta 13an egin bezala. Lan hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzen dute; urtarrilean hasi ziren negoziatzen eta lau bilera burutu diren arren, sindikatuek mahai gainean jarri zituzten eskaerei erantzunik ez zaiela eman adierazi dute.
Adinekoen egoitza eta eguneko zentroetan diharduten 5.000 bat langileren lan baldintzak hobetzea eskatzen dute: %100ek kontratuak langile guztientzat; 32 orduko lanaldia astean; 60 urtetik gorako langileen lanaldia egokitu eta erretiroa aurreratu ahal izateko formulak ezartzea; soldata igoera; kontziliazio neurriak hobetu; lan osasuna hobetzeko neurriak hartzea eta euskara zerbitzu eta lanerako hizkuntza izan dadin pausoak ematea, besteak beste. Aldarrikapen hauek Donostiara, Foru Aldundiaren aurrealdera eraman dituzte gaur goizean baina bihar, egoitzen atarietan egingo dituzte. Amaitzeko, ostiralean, manifestazioa egingo da Donostian.
Eusko Jaurlaritzak %70eko gutxieneko zerbitzuak agindu ditu eta halaxe betetzen ari dira San Martin Egoitzan eta eguneko zentroan.
Lan baldintzen hobekuntzak zerbitzuaren kalitatearekin zuzenki lotura duela dio sindikatuak, eta, beraz, dei egiten die langile guztiei ez ezik, senide, eragile sozial, eta oro har, herritarrei, mobilizazioetan parte hartzera.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!