Bertsoz girotutako txakolin-dastatzea antolatu da azaroaren 24rako

Getariako txakolina ezagutzera eman eta promozionatzeko bertsoz girotutako txakolin-dastatzea antolatu da datorren asteazken arratsalderako Santa Anako sarrera gunean. Mikel Garaizabal ardo-dibulgatzaileak gidatuko du dastatzea eta bertsotan Nerea Elustondo eta Unai Agirre arituko dira.
Getariako txakolin izendapena duten lau upategitako txakolinak dastatuko dira, tartean Debagoieneko bi: Oñatiko Murgialdai eta Arrasateko Kataide. Beste bi txakolindegiak zeintzuk diren ez da zehaztu.
Santa Ana aretoko sarrera gunean egingo da txakolin-dastatzea, hilaren 24an, 19:00tan hasita. Lekua mugatua da, gehienez 25 lagunek parte hartu ahal izango dute eta 10 euro ordaindu beharko dituzte. Baina bertsoz girotutako txakolin-dastatze honek elkartasun faktorea ere badu, sarreren salmentatik lortzen den dirua errefuxiatuei laguntza humanitarioa eskaintzen dien GKE bati emango baitzaio.Txartelak, udaleko web atarian, plazako leihatila digitalean eta Txokolateixan salgai daude.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!