Oñatiko udala

Berrikuntza ugarirekin dator Goiaz! Debagoieneko Lanbide Heziketaren azoka

2026/03/24
Card image cap
Bihar eta etzi egingo da Arrasateko Kulturaten

  Debagoieneko Lanbide Heziketaren 18. Goiaz! azoka eskualdeko eskaintzaren erakusleiho bihurtuko da beste behin. Aurtengoak berrikuntza ugari ekarriko ditu, Lanbide Heziketak gizartearekin eta enpresekin duen lotura indartzea helburu. Antolatzaileek espazio berriak prestatu dituzte, bisitariei eskualdeko prestakuntza aukera ez ezik, Lanbide Heziketak gizartean eta ekonomian duen eragina ere ezagutarazteko. Hala, Kulturateko klaustroaren erdigunean “proiektu berezien txokoa” egokituko da eta bertan, eskualdeko ikastetxeek gizarte mailan garatzen dituzten ekimen esanguratsuak aurkeztuko dituzte. Besteak beste, Arizmendi ikastolak martxan duen ekonomia zirkularreko Birziklanet proiektua eta Mariaren Lagundia ikastolak, Bergarako Udalarekin elkarlanean, bakardadea eta hirugarren adineko pertsonen inguruan garatzen ari den proiektua aurkeztuko dira.

  Bestalde, TKgune berrikuntza eta teknologia transferentziarako sareak ere bere lekua izango du Azokan, martxoaren 26an, ostegunean. Eskualdeko Tkgune zentroen baliabide eta espezializazioak ezagutzeko aukera egongo da eta enpresa txiki eta ertainentzat garatzen dituzten berrikuntza aplikatuko proiektuak erakutsiko dituzte, Lanbide Heziketak enpresen lehiakortasunean egiten duen ekarpenaren adibide. Energiaren arloa ere presente egongo da. Debagoieneko Mankomunitateak martxan duen Energia bulegoa Azokara bertaratuko da asteazken arratsaldean, herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak ezagutarazi eta energia arloko orientazioa eskaintzeko. Horrez gain, aurten Azokak kalera egingo du jauzi eta Sebero Altube plazan karpa bat jarriko da, herritarrei informazioa eman eta Debagoieneko Lanbide Heziketaren Azokara hurbiltzera gonbidatzeko. Ekimen berri hauekin, GOIAZ! Azokak Lanbide Heziketaren balioa azpimarratu nahi du: prestakuntza praktikoa eskaintzeaz gain, berrikuntza, gizarte-konpromisoa eta enpresekin lankidetza sustatzen dituen hezkuntza-eredu gisa.

  Eskualdean dauden Lanbide Heziketako ikastetxeen eskaintza, ikasketa ibilbideak eta lan merkaturako balizko aukerak ezagutzeko aukera egongo da Goiaz azokan. Bereziki gazteei zuzentzen zaie azoka baina baita langile, guraso eta, orokorrean, herritarrei ere. Ikasleei zuzendutako ekintzetan bailarako 400 ikasle inguru espero dira, tartean, azoka lehen aldiz bisitatuko duten DBH2. mailako ikasleak ere. Gainera, balizko ikasle nahiz gurasoentzat hitzaldia antolatu da, Lanbide Heziketa ikasi duten pertsonen esperientziak ezagutzeko. Lanbide Heziketa aukeratzeko 7 arrazoi eta ikasleen esperientziak izenburuko hitzaldia, bihar, asteazkenean, izango da, 18:30etan, Kulturateko areto nagusian.

  Lanbide Heziketa etengabe aldatzen eta egokitzen ari da. Prestakuntza eskaintza gero eta zabalagoa du, oinarrizko mailetatik hasi eta espezializazio mailaraino. Gainera, dual sistema berriarekin, ikasleak lehen mailatik hasten dira enpresetan praktikak egiten, ikasitakoa lan errealarekin uztartuz. Lanbide Heziketara iristeko bideak ere gero eta anitzagoak dira, eta horri esker, geroz eta pertsona gehiagok aukeratzen dute formazio mota hau. Debagoienean Lanbide Heziketako 7 ikastetxeetan, maila desberdinetako 50 ziklo baino gehiago eskaintzen dira. Egun 1.600 ikasletik gora dituzte. Aipatu ikastetxeak eta eskualdean prestakuntza eta enplegu zerbitzuak eskaintzen dituzten beste akademia eta erakundeak bertatik bertara ezagutu ahal izango dira Goiaz azokan, Arrasateko Kulturaten, bihar, 8:30-14:30 eta 16:00-18:30 eta ostegunean, 8:30 -14:30.

  Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak, eskualdeko 7 Lanbide Heziketako ikastetxeekin batera eta Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatu du Goiaz! Debagoieneko. Lanbide Heziketaren azoka.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!