Berezaoko industrialdean oinezkoen segurtasuna aztertu eta konpontzeko gomendioa egin dio Arartekoak Udalari

2023/01/25
Card image cap
2018an ere antzerako gomendioa egin zuen

  2018an bezala oraingoan ere herritar batek jo du Arartekora Berezao industrialdera sartzeko bidean oinezkoentzako segurtasunik ez dagoela jakinaraziz.

  2018an Arartekoari adierazi zion Berezao industrialdean espaloia estua zela eta aurrez aurre doazen bi lagun gurutzatzeko lekurik ez zegoenez, errepidera irten behar zirela. Gainera, errepidea ondo zolatuta ez zegoenez, erorikoak sarritan gertatzen zirela. Zama handiko kamioiek aparkatu eta deskargatzen zutela, espaloia hartuz, eta orga jasotzaileak argi edota hots seinalerik gabe ibiltzen zirela. Gaizki aparkatutako ibilgailuek ere espaloi hartzen zutela esan zion herritarrak Arartekoari. Orduan, oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna berma zitzala gomendatu zion Arartekoak Udalari. Eta hartutako neurrien bilakaera azter zezala, arazoa konpontzeko egokiak ote ziren egiaztatzeko.

  Orain, herritar berak Arartekora jo du berriro inguruan pasabide segururik ez dagoenaz kexaka. Arartekoak arazoa konpontzeko Udalak ahaleginak egin dituela onartzen du baina, zehaztuz, zer hobetua badagoela eremua seguruago eta irisgarriagoa izan dadin. Horregatik, Berezaoko industrialdean sortzen den arriskua azter dezala eta trafiko, zirkulazio, bide-segurtasuna nahiz irisgarritasun-arauak beteko direla berma dezala eskatu dio berriro ere Udalari Arartekoak.

  Gaia ez da berria, esan bezala, eta Udalak hainbat esku-hartze egin ditu Berezaoko industrialdean segurtasuna hobetzeko. Eremua bere osotasunean aztertu behar dela, eta aurreikusi litezkeen interbentzio guztiak gauzatu ahal izateko, planifikazio edo ordenazio orokorra HAPOan jaso beharko litzatekeela adierazi digu Izaro Elorza alkateak. Horretarako asmoa badago eta hala jaso zen 2023ko udal aurrekontuetan, aurre-proiektua egiteko partida onartu baitzen. EAJren udal taldeak, puntu hori bereziki babestu eta txalotu zuen, abenduko Osoko Bilkuran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!