Benissalem-eko IV. koru lehiaketan parte hartuko du Ganbara Abesbatzak asteburuan
Bi taldetan bidaiatuko dute oñatiarrek Mallorcara bihar, goizeko 9etan lehenak eta gaueko 22:45etan bigarrenak. Lehen taldea arratsaldean egingo den lehiaketa-ordenaren zozketan egongo da eta aurrez aurre ezagutuko dute goizean edo arratsaldean kantatuko duten. Horren araberako bi programaketa zehaztu ditu taldeak larunbaterako, eguna lehenago edo beranduago hasiko dute eta goizeko entsegua luzeagoa edo motzagoa izango da. Baina kantatuko dituzten abestiak prestatuta dituzte: larunbateko finalaurrekorako lau doinuz osatutako programa behartua gertatu dute eta, finalera sailkatzeko asmoarekin, beste hiru abesti zehaztu dituzte. Garai eta estetika ezberdinak uztartzen dituen bidaia musikala da finalerako proposatzen dutena, hasi , XVI. mendeko polifoniatik eta gaur egungo sorkuntzaraino; horretan bereziki aipagarria da Javier Bustoren Sagastipean lana. Finala, domekan goizean jokatuko da eta horretarako sailkatzen saiatuko dira Ganbara abesbatzakoak, esan bezala. Lan gogorra eginda ilusioz eta gogotsu doazela adierazi digu Aitor Biain zuzendariak.
Estatuko zortzi abesbatzek parte hartuko dute Benissalem-eko IV. koru lehiaketan; Ganbara abesbatza Euskal Herriko ordezkari bakarra izango da Mallorcan. Lehiaketa larunbat eta igandea bitartean jokatuko da baina astelehena jaieguna dela aprobetxatuz, egun hori ere bertan egingo dute, Benissalem eta Mallorcako beste txoko batzuk ezagutuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!