Oñatiko udala

Baserri ingurunean sortutako plastikoaren urteko bilketa egutegia zehaztu da

2022/01/05
Card image cap
Lehena, urtarrilaren 26an egingo da

  Debagoieneko Landa Garapena elkarteak orain 20 urte pasa ekin zion baserri ingurunean sortutako plastikoa batzeari. Urte sasoiaren arabera eta ganadua itoian dagoen edo zelaira bazkatzera ateratzen denaren arabera, baserri inguruetan plastiko gehiago edo gutxiago batzen da. 9 bilketa egun zehaztu dira aurtengorako, hautatutako hileko laugarren asteazkenean, hain zuzen ere.

  Ganadua barruan, eta ondorioz, pentsu eta boletan gorde den belarraz bazkatzeko garaia den udazken-neguko hilabeteetan bilketa hilero egiten da. Hileroko bilketa horiek irailetik martxora bitartean egitea aurreikusi da. Udaberri-uda garaian berriz, ganadua kanpoan, zelaian bazkatzen denez, bilketa bi hilean behin egiten da. Horrela bada, 2022ko plastiko bilketen egutegia finkatu du Landa Garapena elkarteak: urtarrilaren 26an, otsailaren 23an, martxoaren 23an, maiatzaren 25ean, uztailaren 27an, irailaren 28an, urriaren 26an, azaroaren 23an eta abenduaren 28an egingo dira. Aipatutakoak bilketa egunak dira, baina plastikoa, aurreko arratsaldean ateratzea eskatzen da.

  Bilketa hauetan ez da belar boletako plastikoa bakarrik batzen. Baserrian pilatzen den negutegiko plastikoa eta bestelako plastiko hondakin guztiak jasotzen dira. Garrantzitsua da plastikoa ahalik eta garbien ateratzea. Horregatik, landa garapena elkartetik, baserritarrei ahalegina egitea eskatzen zaie eta negutegietan edo ortuetan erabili den plastikoa ahalik eta lur gutxienarekin jaso eta ateratzea eskatzen da. Plastikoa inguruetan barreiatu ez dadin bestalde, lotuta ateratzea ere eskatzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!