Oñatiko udala

Baserri ingurunean sortutako plastikoaren bilketen urteko egutegia osatu da

2026/07/13
Card image cap
Udararako aurreikusita aldaketak urte berriarekin egingo dira

  Urtarrilean zabaldutako lehen lau bilketen egutegia osatu du Deba Garaia elkarteak eta baserri ingurunean sortutako plastikoa orain arte bezala jasotzen jarraituko dute urte bukaera bitartean. Hala jakinarazi du Debagoieneko Landa Garapena elkarteak, udararako aurreikusita zuten zerbitzu-aldaketa urte berriarekin egingo dela zehaztuz. Hala urteko azken bost bilketen egunak finkatu dira.

  Urteko sasoiaren arabera programatzen da plastikoaren bilketa egutegia; ganadua itoian dagoen edo zelaira bazkatzera ateratzen denaren arabera, baserri inguruetan plastiko gehiago edo gutxiago batzen da. Urteko bigarren zatirako 5 bilketak uztailean, irailean, urrian, azaroan eta abenduan egingo dira, hileko laugarren asteazkenetan, abenduan izan ezik, Santamas egunarekin etor ez dadin hirugarren asteazkenera aurreratu baita. Bilketa kamioiak goizean goiz abiatzen direnez, plastikoak bezperako arratsaldean ateratzea eskatzen da.

  Plastikoa ez ezik, sokak eta sareak ere batzen ditu Deba Garaia elkartearen zerbitzu honek, 2024tik, baina sokak eta sareak plastikoetatik berezituta atera behar dira, zaku batean ondo bilduta atera behar dira. Eta batzeko materiala, izan plastiko, izan sokak eta sareak, txukun utzi beharko dira, bestela, ez dira jasotzen, Deba Garaia elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez. Oñatin lau bilketa puntu daude: Zañartun, Zuazola inguruan; Murgian, Asentzio ermitan; Olabarrietan, autobus geltokian eta Larrañan, musika eskola gainaldean. Etxetik hurbilago duen beste leku batera atera nahi duenak aurrez jakinarazi beharko du Landa Garapena elkartera telefonoz deituta (943 762 547). Hurrengo bilketa uztailaren 28an egingo da eta bezpera arratsaldean jada, plastikoak atera ahal izango dira, ahalik eta garbien eta behar bezala lotuta. Plastikoak ateratzeko jakinarazi diren beste lau egunak, irailaren 22a, urriaren 27a, azaroaren 24a eta abenduaren 15a dira.

  Bilketa hauetan ez da belar boletako plastikoa bakarrik batzen. Baserrian pilatzen den negutegiko plastikoa eta bestelako plastiko hondakin guztiak jasotzen dira. Garrantzitsua da plastikoa ahalik eta garbien ateratzea. Horregatik, landa garapena elkartetik, baserritarrei ahalegina egitea eskatzen zaie eta negutegietan edo ortuetan erabili den plastikoa ahalik eta lur gutxienarekin jaso eta ateratzea eskatzen da. Plastikoa inguruetan barreiatu ez dadin bestalde, lotuta ateratzea ere eskatzen da. Debagoieneko Landa Garapena elkarteak 20taka urte daramatza baserri ingurunean sortutako plastikoak batzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!