Oñatiko udala

Barrakak Olaiturrira iristen hasi dira

2025/09/17
Card image cap
Ingurua egokitu da, kamioientzat sarrera egin, oinezkoentzat behin behineko arrapala muntatu eta argiteria publikoa hobetuz

  Plaza ondoko lanek eraginda barrakak Olaiturrin izango dira San Migel eta Errosaixo jaietan. Lehenengoak jada iritsi eta muntatzen hasi dira. Txurreria, hiruzpalau kaseta, auto-txokeak, matxinsaltoa, ohe elastikoak eta bizpahiru karrusel etorriko dira. Udalak, 6.411 euro jasoko ditu, zoru publikoa okupatzeagatik udal tasa kontzeptuan.

  Leku aldaketa ez zaie gehiegi gustatu ferialariei, plaza eta jaigune nagusitik aldentzea ekarriko duelako, baina ez dago beste aukerarik. Kokagune aldaketak prezioen errebisioa eta horren inguruko negoziazioa ere eragin du. Txartelaren prezioa jaso egin da, 2,5 eurotara, baina 5 bidaien bonoa, 10 eurotan eskuratu ahal izango da. Bidaia prezioa merkatzen diren egunak hiru izango dira aurten: irailaren 19 eta 25a eta urriaren 2a. Eta bidaiaren iraupenak, gutxienez, bi minutu eta erdikoa izaten jarraituko du. Gainera, irailaren 21ean eta urriaren 5ean barraketako ekipoak bi orduz kenduko dira, aniztasun funtzionala duten haurrei keinu eginez.

  Olaiturrin hainbat egokitze lan egin dira azken asteotan: kamioientzako sarbidea egin da, oinezkoentzako behin behineko arrapala muntatu da eta argiteria publikoa hobetu da. Lizaur kaletik zegoen sarbidea aldatu egin da kamioiek zuzenean sartzeko aukera izan dezaten. Horrek barraken sarrera erraztuko du orain baina, etorkizunean, Olaitturrin beste ikuskizunen bat programatu ahal izateko aukera emango du. Oinezkoen irisgarritasuna hobetuz, bestalde, behin behineko arrapala muntatu da Aita Mortara kaletik eta gunearen argiztapena ere hobetu da, argi puntu berriak jarrita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!