Oñatiko udala

Bakardadeari buruzko hitzaldiak antolatu dira “Debagoiena ehuntzen” egitasmoaren baitan

2025/12/10
Card image cap
(Arg: Anabel Dominguez)
Herritarren % 22ak esan du bakardade sentimendua askotan edo ia beti duela

  Debagoiena ehuntzen eskualde mailako proiektua da. Honen helburu nagusia da eskualde-ekosistema bat abiaraztea, bakardadea ikuspegi komunitario, normalizatzaile, parte hartzaile, inklusibo eta estigmarik gabeko batetik lantzeko. Lehen urratsa egoeraren diagnostikoa egitea izan da eta horretarako, 18 urtetik gorako herritarrek borondatez betetzeko inkestak zabaldu ziren Mankomunitateko 8 herrietan, udan. 444 galdetegi bete ziren, guztira, 156 Oñatin. Ekimenak izan zuen harrera azpimarratu du Ongizate batzordeburu Lierni Altubek. Oñatin inkesta bete duten gehienak emakumeak izan dira, %73a, eta adinari dagokionean ez da alde nabaririk izan, %47a, 18 eta 64 urte artekoak direlako, % 53a, berriz, 65 urtetik gorakoak. Emaitzei dagokienean, bakardadea askotan, beti edo ia beti sentitzen dutela esan dute oñatiarren %22,5ek. Portzentaje hau pitin bat handiagoa da Debagoiena osotasunean hartuta, % 26a. Dena dela, nazioarteko ikerketek eskaintzen dituzten emaitzen parekoak dira. Aipagarria da, bestalde, %75ek baino gehiagok bakardade emozionala edo soziala sentitzen dutela, hau da, ez dute norengana jo laguntza behar izanez gero, ez duelako konfiantzazko edo adiskidetasun estuko erreferentziazko pertsonarik.

  Eskualdeko biztanleek bizi edo sentitzen duten bakardade egoerara hurbilduta, hitzaldiak antolatu dira urtarrilerako. Elisa Sala Mozos ikerlari eta gizarte-aholkularia herriz herri ibiliko da, bakardadea zer den, nola antzeman daitekeen eta aurre egiteko helburuz komunitate-lotura sendoagoak nola eraiki daitezkeen argituz. Oñatin urtarrilaren 28an emango du hitzaldia, Kultur etxean (18:00). Otsailean, berriz, esperientzia ezberdinak ezagutzeko topaketak egingo dira, estatuko nahiz nazioarteko egitasmo eta bizipenak biltzeko helburuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!