Oñatiko udala

Bakardadeari buruzko hitzaldia egingo da datorren asteazkenean Kultur etxean

2026/01/20
Card image cap
“Debagoiena ehuntzen” egitasmoaren baitan hitzaldi sorta antolatu da eskualdeko herri guztietan

  Debagoiena Ehuntzen eskualde mailako proiektua albiste da berriro, bere baitan antolatu diren herririk herriko hitzaldiak abian jarri direlako jada, lehena Bergaran egin zen atzo, eta Bergaran baita ere burutu den Ongizatearen plazan egitasmoaren berri zehatza eman zelako, ostiralean. Eskualde mailako lehen zaintza ekosistema moduan aurkeztu zuen Foru Aldundiak Debagoiena Ehuntzen egitasmoa, HARIAK estrategiaren esparruan garatzen ari den proiektua. Bakardadea du lan-ildo nagusi Debagoiena Ehuntzen egitasmoak eta eskualde mailako galdeketa egitea izan zen lehen urratsa, egoeraren diagnostikoa osatze aldera, eta herririk herri egingo diren hitzaldiak antolatu dira urtarrileko azken hamabostaldi honetarako.

  Debagoienak aspaldi ekin zion ongizate arloan eskualdeko herrietan antzemandako erronkak partekatu eta identifikatzen. Diputazioko HARIAK estrategiak eskaintzen duen diru-babesari esker garatu da Debagoiena Ehuntzen egitasmoa, eskualde mailan lehentasun gisa markatu zen nahi ez den bakardadearen gaia modu komunitarioan lantzeko. 18 urtetik gorako debagoiendarren artean zabaldutako inkestak azaleratu zuen galdeketa bete zutenen %22,3ak bakarrik sentitzen dela sarritan edo beti eta %9k intentsitate handiko bakardade-egoerak bizi dituela. Gizarte-harremanen dimentsioari dagokionez, pertsonen %12,9 isolatze arriskuan dago, eta %9k ez du egunero harremanik etxetik kanpo. Bakardade sozialari eta emozionalari dagokionez, inkestatutako pertsonen %75ek baino gehiagok konfiantza-sarerik edo hurbileko lagun eza ezaugarri duen bakardade motaren bat du, eta %36,9k bakardade sozialaren adierazle guztiak betetzen ditu. Gainera, ongizate subjektiboaren ebaluazioari esker, depresio-arriskuarekin lotutako faktoreak identifikatu ahal izan dira: bakarrik sentitzen direnen %57 norbaitekin bizi da, eta horrek bakardadearen konplexutasuna eta horri dimentsio askotatik heltzeko beharra azpimarratzen ditu.

  Eskualdeko biztanleek bizi edo sentitzen duten bakardade egoerara hurbilduta, hitzaldiak egiten hasi da Elisa Sala Mozos ikerlari eta gizarte-aholkularia; bakardadea zer den, nola antzeman daitekeen eta aurre egiteko helburuz komunitate-lotura sendoagoak nola eraiki daitezkeen argitzea da hitzaldi hauen xedea. Bergaran izan zen atzo, gaur Aretxabaletan eta Oñatin, berriz, urtarrilaren 28an emango da, 18:00etan, Kultur etxean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!