Bakardadearen inguruko dekalogoa aurkeztu dute Debagoieneko udalek
Herritarren parte-hartzetik jasotako 10 gomendio biltzen ditu gidak eta bakardadeari aurre egin eta arintzeko ekosistema komunitarioa sortzea ezinbestekoa dela ondorioztatu da. Hau da, bakardadea norbanakoak nozitu arren gai kolektiboa dela eta maila bereko erantzunak behar dituela. Osatu den dekalogoa Debagoiena Ehuntzen: Bakardadearen korapiloa askatu proiektuaren baitan landu dute eskualdeko udalek. Datozen egunetan Debagoienako etxe guztietara banatuko den gida Arrasaten aurkeztu zuten atzo eskualdeko ongizate zinegotziek. Bertan izan zen, baita ere, Lierni Altube Udaleko Ongizate batzordeburuak eta esan zuen bakardadea ez dela adin kontua, eta hura prebenitu edo arintzeko orduan, elkar zaintzari begirako ekimen komunitarioak garrantzitsuak direla eta horretarako bitartekoak eskaini behar direla.
Laster etxeko postontzian izango dugun dekalogoa herritarren eskura jartzen den tresna arin eta erabilgarria dela adierazi zen aurkezpenekoan. Hauek dira, gidak biltzen dituen 10 gomendioak:
1. Hasieratik hasi: Bizikidetza-arauak berreskuratu eta sustatu, agurtuz eta atsegina izanez.
2. Inguruko pertsonei begira egon: bizilagunak nola dauden galdetu eta elkar ezagutzen lagunduz.
3. Dauzkagun harremanak hobetu: aurreiritziak alde batera utzi eta taldeak edo koadrilak irekiz.
4. Laguntza praktikoa eskaini: erosketekin, mediku-kontsultekin edo tramiteekin lagunduz.
5. Besteei entzun: irtenbide azkarrak eman gabe, besteei adierazten utzi eta ulertzen saiatu.
6. Elkarri laguntzeko harremanak sustatu: boluntario gisa jardun edo laguntza eskatuz.
7. Zaurgarritasunaren estigma apurtu: behar duguna normalizatu eta mina dagoenean isiltasuna onartu.
8. Bakardadea ulertu eta bakardadea-zahartzaroa binomioa hautsi, gazteei ere eragiten baitie.
9. Pausu bat eman: bakarrik dagoenari planak eskaini edota guk geuk laguntza eskatu.
10. Herriko bizitzan parte hartu: elkarteetan aktibo izan eta etorri berriei ongietorria emanez
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!