Oñatiko udala

Bai, haurren danborrada egin-egingo da

2015/07/16
Card image cap
Gazte talde batek hartu du antolakuntzaren ardura, musika eskola eta hainbat gurasorekin batera

  Haurren danborrada bertan behera uzten zenaren berriaren haritik, helduen danborradan dabiltzan hainbat gazte, danborrada txikia ateratzeko ardura hartu dute. Gazteak eta Udal arduradunak asteartean jarri ziren harremanetan eta atzo arratsaldean bilera egin zuten. Gazteekin batera aurrez parte hartzeko interesa agertu zuten Jose de Azpiazu musika eskolako ordezkariak eta hainbat guraso batzarrean izan ziren. Denen artean, haurren danborrada egitea erabaki zuten. 20 laguneko antolaketa batzordea eratu da.

  Eredua pitin bat aldatuko da. Partaideen adina urtebetez gaztetuko da eta bi mailatako ikasleei sarbidea emango zaie danborrada handiagoa eginez. Deialdia, datorren ikasturtean LH 3. eta 4. maila ikasiko duten haurrei luzatu zaie, hau da, 2006 eta 2007an jaiotakoei. Bi urte horietako neska-mutiko guztiek parte hartu ahal izango dute. Danborradako jantziak hartzen,  3. mailakoek izango dute lehentasuna eta 4 mailako denentzat trajerik ez balego, baserritar jantziz irtengo lirateke. Baina hori, parte hartzeko interesa dutela adierazten dutenen arabera izango da, gaurdanik jada, izen ematea zabalik baitago. Horretarako bi bide zehaztu ditu antolatzaile talde berriak, mailez, izena honako helbide elektronikora bidali daiteke: oinatikotanborradatxikia@gmail.com  edota paperean idatziz, Kultur Etxean jarri den buzoian utzi daiteke. Kasu honetan, oinarrizko lau datu eskatzen dira: haurraren izen abizenak, 2015/2016 ikasturtean egingo duen maila, ikastetxea eta harremanetarako kontaktua.

  Haurren danborrada, irailaren 26an irtengo da eta horretarako, entseguak, irailaren 1ean hasiko dira. Entseguak, astearte eta ostegunetan izango dira, arratsaldeko 18.45etatik 19.30tara Eltzian, ETEO eraikin zaharrean.
Entseguak irailaren 1ean hasiko diren arren, partaideak zein konpainiatan arituko diren zehazteko zozketa, irailaren 10ean egingo da. Arrazoia, deialdia 2006 eta 2007an jaiotako haur guztiengana iritsaraztea da. Berria, sare sozialen bidez atzotik jada zabaltzen ari da baina ikastetxeen bitartez ere bidali nahi da. Parte hartzeko azken aukera, ikasturtea martxan jarrita geletan esanda emango da.

  Udal Kultura Departamentutik hainbat deialdi egin eta gero haurren danborrada bertan behera uzten zela adierazi genizuen orain astebete. Baina gazte talde baten ekimenez, 30 urteko tradizioa duen ekintzak aurrera jarraituko du bai behintzat aurten.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!