Aloñamendi-Orkatzategi-Urbiako Faunaren Babeslekuaren mugak aldatu eta azalera eguneratzea erabaki du Foru Aldudiak
Jatorrian Aloñamendiko Ehiza babeslekua zenak 911hektarea inguru hartzen zituen. Pago-Uso elkarteak sustatu zuen, eta Aloña mendilerroko lur-
sailen jabeek baimena eman zuten. Babeslekuaren kudeaketa Pago-Usoren eskuetan geratu zen, Gipuzkoako Natura Kontserbatzeko Zerbitzuaren kontrolpean. 1982ko ebazpen batez ari gara. Babeslekuaren iraupena bost urtetarako ezarri zen baina ez zen luzatzeko tramiterik bete eta babesleku gisa funtzionatzen jarraitu zuen, ez baitzen ehiza jarduerarik egin. 16 urte beranduago, 1998an, fauna babeslekuaren mugak zabaldu ziren, Urbiako eremua eta Orkatzategiko harkaitz-guneak barne hartuz eta haren xedea estazio biologiko gisa zehaztuz. Ondorioz, Aloñamendi-Orkatzategi-Urbia Ehiza Babesleku izendatu zen, 1.934 hektareako azalera.
Babeslekua izendatu zenetik lau hamarkada baino gehiago pasa dira, eta lurraldeko bioaniztasuna kontserbatzeko gune nagusietako bat bilakatu da zonaldea. Bertan, ehiza espezieen populazio garrantzitsuak daude, erbi europarra nabarmentzen delarik, eta eremua interes berezikoa da babestutako espezie askorentzat, bereziki, hegazti-komunitateentzat, azken urteotan espezie enblematiko berriak agertu direla egiaztatu baita. Bestalde, mendiaren erabilerak, bai babeslekuaren barruan, bai inguruan, aldatuz joan dira urteetan, baita bertako faunaren gaineko eragina ere. Horregatik komenigarri ikusi da babeslekuaren mugaketa berrikusi, mugak zabaldu eta Aloña mendilerroaren iparraldeko magalaren zati bat gehitzea. Era berean, babeslekuaren perimetro osoaren eguneratze kartografikoa egingo da, estazio biologiko gisa duen funtzionaltasuna hobetzeko helburuz.
Maiatzaren 5eko Diputatuen Kontseiluan onartu zen Foru Dekretuaren arabera Aloñamendi-Orkatzategi-Urbia Faunaren Babeslekuak 2.461 hektarea hartzen ditu egun, aurreko mugaketa egin zenean baino 527 hektarea gehiago.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!