Oñatiko udala

Azkontegi baserriko Mikel Igartuak bat egin du Aldundiaren Baserritar Misto Profesionala programarekin

2026/01/22
Card image cap
(Arg: GFA)
Enpresa-lanaldia erdira murrizteko adostasuna lortuta, baserriko jarduera profesionalizatu ahal izan du

  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Baserritar Misto Profesionala programaren helburua da lehen sektorean belaunaldien arteko errelebo sustatzea, nekazaritzaren arloan jarduera bat garatzeko interesa dutenen trantsizioa erraztuz. Enpresako lanaldia % 50era murriztuz, bi jarduerak modu profesionalean uztartzeko bidea ematen du programak, osagarri ekonomiko bat eskuratuz baserritarrari eta enpresari. Iaz abian jarri zen ekimen honekin 15 baserritar misto ari dira egun profesionalki lanean eta horietako bat da Azkontegi baserriko Mikel Igartua.

  Igartua mantentze lanetan aritzen da Cartonajes Arregi enpresan eta bertako jarduna erdira jaitsita, lau ordu gehiago eskaintzen dizkio egun, familia-baserriko zereginei. Gurasoak erretiratu ondoren etxeko abeltzaintza jardueraren ardura hartu du. Behi-haragia zuzenean saltzen dute eta etorkizunera begira, nekazaritza ekologikoan murgiltzeko aukera ere ez du baztertzen, horretarako dauden bideak aztertzen ari dela adierazi baitu. Hori guztia posible izan da Cartonajes Arregi enpresak egitasmoan parte hartzea onartu zuelako. Programaren inguruko azalpenak emateko Donostian egin den agerraldian parte hartu du enpresako gerente Endika Uriondok eta proposatutako aukera berehala onartu zutela adierazi du, enpresaren helburuetako bat langileak gustura sentitzea dela argudiatuta. Gainera esan du, eskatu ahal izateko, ematea ere beharrezkoa dela uste dugu eta Mikelek mantentze lanak egiten dituenez, asteburu eta gau asko ematen ditu denak behar bezala funtziona dezan. Horregatik, uste dugu, bera ahalegintzen den eta enpresari ekarpena egiten dion bezala, guk ere bere lana baserriko jarduerarekin bateragarri egiteko aukera eman behar diogula.

  Baserritar misto profesional programak harrera ona izan zuen iaz eta 2026an deialdi berria egitea erabaki du Foru Aldundiak. Berrikuntza batzuk sartu dira, tartean, eskaera urteko edozein unetan aurkeztu ahal izatea, epe zurrun itxirik finkatu gabe. 600.000 euroko partida gorde da, beharraren arabera handitzeko aukerarekin. Diputazioak hainbat mekanismo eta programa ditu egun lehen sektorea gaztetzeko erronkari aurre egiteko: Baserritar Misto Profesionala, Gaztenek edota Trebatu, esaterako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!